Azpeitiarrak lehian eta epaimahaian, Lekeitioko 43. Euskal Zine Bileran

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2020ko aza. 20a, 15:06

Nora Alberdik Bigarren Sexua(z), collage film laburrarekin hartuko du parte lehiaketan, eta Erika Olaizola da bihar hasiko den jaialdiaren epaimahaikideetako bat.

Bihar hasiko da Lekeitioko 43. Euskal Zine Bilera. Aurten online egingo dute jaialdia, eta zinemaldiaren webgunean jarraitu ahal izango dira azaroaren 29ra bitartean prestatu dituzten hitzordu guztiak.

Horien artean egongo dira lehiaketan parte hartuko duten filmen proiekzioak. Antolatzaileek azaldu dutenez, 33 proposamen jaso dituzte aurtengo lehiaketarako eta horietatik hemeretzi aukeratu dituzte. Horietako bat da Nora Alberdi azpeitiarraren Bigarren Sexua(z), collage film laburra; astelehenean, azaroak 23, 19:30ean botako dute Alberdiren lan berria Zibe Bileraren webgunean. Azpeitiarekin lotura estua duen beste lan bat ere lehiatuko da Lekeition, Iñigo Jimenez donostiarraren Zubiye; azaroaren 25ean 19:30ean emango dute Amuko zubia ardatz duen film labur hori.

Ikusleen puntuazioek erabakiko duten EITB sari bereziaz gain, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ere banatuko ditu Lekeitioko jaialdiaren lehiaketak. Sari horiek hautatzeko epaimahaian dago Erika Olaizola aktore azpeitiarra, Aitor Oñederrarekin eta Mikel Ruedarekin batera; Olaizolak berak 2017an irabazi zuen Urrezko Antzara Lekeition, Z U L O lanarekin. Hilaren 28an jakinaraziko dituzte sariak.