Urrezko Antzarrarekin itzuli da 'Z U L O' Lekeitioko Euskal Zine Bileratik

Uztarria.eus 2017ko urr. 22a, 12:10

Atzo, urriak 21, egin zuten 40. Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sari banaketa, eta amateur mailako film labur onenaren saria lortu zuen Erika Olaizola aktore azpeitiarraren Z U L O lanak. Amancay Gaztañagarekin batera ondu du lana Olaizolak. Urrezko Antzarraz gain, 1.300 euroko saria eskuratu dute bi artistek.

Azpeitiko Erabaki Produkzioak ekoiztetxeak egindako Kronos lana ere amateur mailan lehiatu zen Lekeitioko Zine Bileraren aurtengo edizioan, baina ez zuen saririk jaso atzokoan. Sari nagusia, film onenarena, Begoña Vicariok irabazi zuen profesionalen kategorian, Jane, Tarzan ez zen horren guay lanari esker. 

Z U L O film laburrean aktore lanetan aritu ziren, besteak beste, Zestoako antzerki eskolako kideak, tartean buruhandi protagonista den Mikel Ibarguren. Olaizola eta Gaztañaga duela urte bete inguru hasi ziren proiektuarekin, eta orain zine jaialdietako bideari ekin diote. Film laburra Azpeitira iritsiko dela aurreratu dute, baina ez dute data zehaztu oraindik.

Buruhandi baten eta gizaki baten arteko maitasun istorioa kontatzen duen film laburra da Z U L O. Erika Olaizolak iaz Uztarriari azaldu zionez, "lagun arteko ideia zoro batetik abiatutako proiektua" da, "maitasun askorekin" egindakoa. 

(Argazkia: E. Olaizola)