'Antigone' antzezlana ikusteko aukera izango da asteazken honetan Soreasu antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2021ko mai. 3a, 13:07

Antigone metodoa mediazio ekimenaren barruan eskainiko du antzezlana Horman Poster kolektiboak, doan. Ekimen beraren barruan, 12 urtetik gorakoenzako mediazio tailerra izango da bihar, asteartea, 17:00etan hasita, Dinamoan.

Antigone metodoa mediazio dinamika eta Antigone antzezlana eskainiko ditu Horman Poster kolektiboak aste honetan, Kulturazekin elkarlanean. Dinamoa sormen gunean eta Soreasu Antzokian egindako sormen egonaldian sortu zuten antzezlana Horman Posterrekoek, eta iazko Euskal Antzerki Topaketetetan publikoaren saria lortu zuen. Orain, Antigone metodoa ekimenaren barruan, beste emanaldi bat eskainiko dute etzi, maiatzaren 5ean, 19:00etan, Soreasu Antzokian. Emanaldia doan izango da, eta sarrera Kulturaz.eus-en eskuratu daiteke.

Aurrez, bihar, 12 urtetik gorako gazteekin Antigone metodoa dinamika landuko dute Dinamoan. Tailerra 17:00etan hasiko da, eta izena emateko hormanposter@gmail.com helbidera idatzi behar da. Antigone metodoa elkarbizitza eta emozioen lanketa jorratzeko gazteei zuzendutako arte-hezkuntza tailer aktiboa da.