'Antigone edo ezetzaren beharra' antzezlanak jaso du 38. Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria

Anartz Izagirre 2020ko aza. 20a, 20:38
'Antigone edo ezetzaren beharra' antzezlaneko kideak saria jasotzen. (Anartz Izagirre)

Igor de Quadra antzezlanaren zuzendariak eta Xanti Agirrezabala aktoreak jaso dute saria gaur, ostirala, Dinamoa sormen gunean. Bestalde, Azpeitiko Udalak topaketen balorazio "oso positiboa" egin du.

Amaitu dira Azpeitiko 38. Euskal Antzerki Topaketak, eta gaur, ostirala, banatu dute Ikusleen Saria Dinamoa sormen gunean. Aurtengo antzezlan guztietatik, Horman Posterren Antigone edo ezetzaren beharra antzezlana izan da puntuazio altuena erdietsi duen obra, eta Igor de Quadra zuzendariak eta Xanti Agirrezabala aktoreak jaso dute 600 euroko saria. Agirrezabalak eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari eta Kulturaz kooperatibari topaketak antolatzeagatik, eta besteak beste, "mota guztietako antzezlanei" lekua egiteagatik. Agirrezabalak nabarmendu du Antigone edo ezetzaren beharra obrak ikusleen aldetik jaso duen erantzuna "oso ona" izan dela.

Bestalde, Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez, egoera "ezegonkorra" izan arren udalak "kulturaren aldeko apustu sendoa" egin du aurten, eta nabarmendu du erakundeak euskal kultura programatzen eta sustatzen jarraituko duela. Era berean, kultur sortzaileei lanean eta sortzen jarraitzeko eskatu die Alkortak. Ikusleen Sariari dagokionez, alkateak azaldu du boto aldetik "nahiko berdinduta" egon direla aurtengoan saria irabazteko hautagaiak.

Eneritz Albizu udaleko kultur batzordeburuak, berriz, 38. Euskal Antzerki Topaketen balorazio "oso positiboa" egin du, eta azpimarratu du herritarren erantzuna "oso ona" izan dela: "Aforoa murriztuta izan bada ere, hainbat antzezlanetarako sarrerak agortu dira". Albizuk adierazi du programatutako hiru obra taularatu gabe gelditu direla arrazoi ezberdinengatik — Kaskarot, Lanaz eta xaharretaz eta Guateke—, baina obra horiek laster Azpeitian ikusteko aukera aztertuko dutela adierazi du. Bestalde, Joxe Aranburu ere izan du gogoan Albizuk, aurtengo topaketetako omendua baita hura, baina Aranburuk ezin izan du ekitaldira joan eta atzeratu egin dute omenaldia.