Hainbat aburu

Gizon baten nahigabea

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2021ko mai. 7a, 08:00
(Pixabay)

Luis Gurrutxagak 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Otsaileko idatzian gizartean ditugun ohiturez aritu nintzen. Han nioen batzuk galdu egin ditugula, eta beste batzuk etorri edo ekarri egin dizkigutela, sasi asmoekin. Lagun batekin topo egin nuen –bera goierritar azpeitiartua bezala definitzen da–, eta luze aritu ginen ohiturez eta giza harremanez. Bizitza guztian irakaskuntzan eta kultura munduan aritua da gizona, pentsamendu zabalekoa, baina, era berean, pentsamendu sakonekoa eta zorrotzekoa. Batzuetan aho zabalik uzten zaituen horietakoa: zein filosoforen lerrotan kokatzen haiz hi, Parmenidesenean ala Heraklitorenean? Arraioa! Baina goazen harira. Biok genioen giza harremanak gauzatzeko moduak aldatu direla, eta supituki istorio bitxi eta esanguratsua kontatu zidan:

"Gizon baten nahigabea. 1986 eta 1996 bitartean, asteko lana bukatuta, ostiral arratsean trenean egiten nian bidaia Bilbotik Elgoibarrera. Trenean lagun egin nian 60 urteko durangar aurrejubilatu berria. Solasa ez genian falta izaten Durango eta Elgoibar bitartean. Jubilatu txartela medio, merke egiten zian ibilbide hura astean bizpahiru aldiz, bere buruaren eta treneko ingurukoen entretenigarri, tertuliano berriak eginez. Bueltako trena hartu behar zuen herriko jubilatuetan berriketa ederrean kafetxo bat hartu eta berriz etxerako bidea hartzen zian. Treneko triki-traka hartan elkarren eta ingurukoen berri ondo jakiten genian; egunkarien komentarioa ere ez huan falta izaten. Noiz edo noiz albokoren bat ere gehitzen zitzaiguan hizketara. Orduei zuku gozoa ateratzeko bide aproposa. Gizon hark eguneko gozamenik handiena treneko joan-etorrietan bizitzen zian: besteekin hitz egiten, mundua konponduz edo norbere psikea lasaituz. Nik, gero, urteetako etenaldia egin nian tren ibilbide hartan. Hala ere, 2010ean edo, gizon harekin topo egin nian berriro. Atsekabetuta bilatu nian, goibel. Ez hainbeste zahartzearen poderioz, baizik eta komunikatzeko inor topatu ezinagatik. 'Inor ez dago hitz bat trukatzeko prest, beren segapotoari itsatsita daude denak, ez naiz inor hemen, uztera noa treneko joan–etorri hauek'. Horiek izan ziren hari entzun nizkioan azken hitzak".

–Garbi zagok giza harremanak aldatzen ari garela, ez?

Niretzat, bai. Inboluzio indibidualista eta nartzisistaren boladan bilduta zagok mundua, batik bat mendebaldar zibilizazio deritzoguna.

–Eta bolada nartzisista hau, noiz arte?

Maiteminduen maitemina ere ez duk betiko izaten. Iraultza teknologiko honetara ere ohituko dituk belaunaldi berriak, eta makina berriek sortutako txoroaldia apaltzen joango duk, giza harremanak beste modu batez integratuz.

–Esan nahi duk jada ez garela sozialak?

Ez, ez diat hori esaten. Sozialak izateari ez zagok lagatzerik. Bakartasunetik besteenera zuzendu beharra sentitzen dik gizakiak, besteak kalamidadeak badira ere.

–Makina bat kontu ikasiko huen harengandik?

Kontuak baino gehiago, batekin eta bestearekin egotearen aldarte zoragarri hori, gaur bitxoaren presentziarekin, ondo faltan sentitzen duguna. Beno, kontuak ere bai. Haren kontaketatik ohartu ninduan Azpeitia eta Durango antzekoak direla hainbat aldetan, adibidez biek nahi dutela agertu, handi izatean, Donostiaren edo Bilboren gainetik.

Estimatzekoak izan dituk hire narrazio eta hire ekarpen interesgarriak, azpeitiartutako goierritar adiskide.