Izarraizpetik

Tradizio, usadio, ohiturak...

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2021ko mar. 5a, 08:18
Gernikako marijesiak.

Luis Gurrutxagak 2021eko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Entzuna nuen zerbait Gernikan (Bizkaia) Gabon aurreko bederatzi gauez egiten duten ekintza erlijiosoaz, baina ETBn ikusi nuen erreportaje bitxiak guztiz txundituta utzi ninduen. Marijesiak deituriko ohitura hori betetzeak sakrifizio ikaragarria eskatzen du. Goizeko ordu txikietan, 02:00-03:00 aldera hasi eta goizaldera arte, gizon eta emakumeek Jesusen historia kantuz kontatzen dute kaleetan barrena; bakarlari bat izaten da taldearen buru eta koruak erantzuten dio, hitzak errepikatuz. Oinarri erlijiosoa du ekintzak, baina gehientsuenek zioten tradizio herrikoia delako hartzen dutela parte bertan, ez sinesmenagatik. Azken gauekoa eguerdiraino luzatzen dute, eta eskean jasotzen duten dirua behartsuei ematen omen diete. Antza denez, partaide aldetik antzu samar ibili dira, baina azken urteetan gehitzen omen doa kopurua.

Usadio horrek bide eman dit ezagunak ditugun tradizioez zerbait idazteko. Batzuek –askotxok– giza sinesmenetan dute oinarria, batik bat sustrai kristauetan, nahiz eta oinarri-oinarrian jentilen garaikoak izan. Beste batzuek, berriz, oinarri profanoak dituzte. Modernitateak irentsita edo, hainbat galdu egin dira, eta beste batzuk atzerritik ekarri eta erdi-inposatu egin dizkigute azken urteotan, xede komertzialekin eta kontsumismoaren aldarri gisa. Zerrenda luzea da, eta pare bat ekarriko ditut hona: galdutakoak eta berriak.

Santio bezpera eta eguna. Galdutako ohitura horietakoa eta auzotarrek oso kutuna genuena da. San Joan egunez, etxeetako ate sarreretan lizar adarrak jartzen ziren. Hilabetera, justu Santio bezperan, denak bildu eta herriko plazan sua egiten zen. Mutikoak goiz-goizetik hasten ginen xesteroen orgatxoak hartu eta erreka bazterretan sastrakak eta abarrak biltzen, lizar sikuei gehitzeko. Sua zenbat eta erraldoiagoa izan, are handiagoa bihurtzen zen gozamena eta gaueko magia. Ohitura horren azalpena jakitearren, Juan Garmendia Larrañaga antropologo zenari galdetzeko aukera izan nuen, baina ez zuen aztarnarik atera. Hurrengo egunean, Santio egunez, Villafrancako –urteetara jakin genuen Ordizia zela euskaraz– karrera igarotzen zen gure bailaratik. Bi egun horiek udako xarmangarrienak izaten ziren umeentzat eta gaztetxoentzat; bata eta bestea gure artetik falta dira.

Usadio bihurtzen ari diren berriak. Duela 40 urte, Ameriketara joan nintzen, anaia pilotaria bisitatzera. Iritsi nintzen egunean –urriko azken eguna–, afaltzen ari ginela, ate aurrean aurkeztu zitzaigun gazte talde bat, mozorrotuta, gehienak aurpegia margotuta, beldurra emateko itxurarekin. Nik, harriduraz: "Zer duk hau?". Anaiak: ""! Bai, gaurko egunez, ilunabarrean, etxez etxe ibiltzen dituk gaztetxoak, gozoki eta diru eskean". Kontua da, urte dezentetara hona iritsi dela nik han ikusi nuena: Halloween izeneko festa eta gaur egun nahiko indar hartzen ari dena, batik bat hiri eta herri handietan. Gasturako beste amu bat gehiago. Zer esanik ez, amerikar jatorria duen azken modaz: Black Friday izenekoa –Ostiral Beltza–. Ez sinestekoa da nola bideratzen gaituzten kontsumora. Eta azaroko azken ostiralean bakarrik ez; gutxienez aurreko bi asteetan sekulako publizitate erauntsia jasaten dugu, erostera bultzatzeko.

"Herrik bere lege, etxek bere aztura (ohitura)", dio esaera zaharrak. Gure artean usadioen saila joria da, eta, agian, hurrengo batean ekarriko ditugu hona beste batzuk.