Fitxaketa berri bat eta kontratu luzaketak iragarri ditu Lagun Onakek

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2023ko eka. 12a, 11:42
Lagun Onak, Ondarroako Aurreraren aurka. (Aurrera Ondarroa)

Lander Izagirre ermuarrak Lagun Onaken hirugarren mailako taldean jokatuko du hurrengo sasoian. Halaber, hainbat jokalarik berritu dute kontratua: Gorka Amutxastegi, Iagoba Erdozia, Ander Bengoetxea, Xabier Gereta eta Egoitz Iraola.

Denboraldia bukatu berritan, datorren sasoia prestatzeari ekin dio Lagun Onak futbol taldeak. Espainiako Hirugarren Mailan aritzen den talderako hainbat iragarpen egin ditu klubak. Duela aste batzuk egindako entrenatzaile aldaketaz gain, gizonen talde nagusirako egindako kontratu luzaketen eta fitxaketa baten berri eman du Lagun Onakek.

Hurrengo sasoirako kontratua luzatu duten jokalariak dira Gorka Amutxastegi eibartarra, Iagoba Erdozia hernaniarra, Ander Bengoetxea tolosarra eta Xabier Gereta eta Egoitz Iraola azpeitiarrak. Horrez gain, datorren denboraldirako fitxaketa berri bat ere egin du taldeak: Lander Izagirre ermuarra izango da Garmendipe futbol zelaian. Ondarroako (Bizkaia) Aurrera taldetik iritsiko da Azpeitira Izagirre.

Halaber, duela aste batzuk aurkeztu zuten Iban Fagoaga beratarra izango da taldearen entrenatzaile berria. Fagoagak Vitoria, Leioa, Arenas eta Portugalete taldeak zuzendu ditu azken denboraldietan, besteak beste.