Kultur taldeak

Parrokiko korua

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko api. 14a, 10:00

Sorrera: ez dago Soreasuko San Sebastian parrokiko koruaren sorreraren data zehatz bat, baina segurua da duela mende batzuetatik badagoela.

Helbidea: Soreasuko San Sebastian parrokia.

Harremanetarako: Paco Epelde (franepeldel@gmail.com).

Historia: Parrokiko koruaren helburu nagusia parrokian bertan eta inguruko elizetan ospatzen diren elizkizunetan aritzea eta laguntzea da. Urteetan aldaketa handiak izan dira. Esate baterako, organoak aldaketa batzuk izan ditu; orkestra ere izan zen Parrokiako koruaren bueltan, baina orain ehun urte inguru, arau liturgikoaren aldaketak zirela-eta, eraginik gabe geratu zen; edota kantarietan, garai batean gizonezkoak bakarrik ziren koruan, baina gero ume eta gaztetxoak (tipleak) ere bai, eta, 1970eko hamarkadatik, baita neskak eta emakumeak ere. Kantariek ez ezik, organo joleek lan garrantzitsua egiten dute koruaren martxarako: Jose Luis Frantsesenak, Loli Oteizak, Itziar Urbietak eta Frantsesenaren ikasleek (Ane Bereziartua, Mikel Arenas, Ignacio Arakistain, Ander Etxabe eta Anaitz Lizarzak).

Jarduera:

  • Parrokian: San Inazio eta San Sebastian festetako elizkizunak, Eguberriko eta Aste Santuko elizkizunak, hiletak, lehen jaunartzeak.
  • Azpeitiko auzoetako elizkizunetako laguntza: Oñatz, Elosiaga, Aratz-Erreka eta Matxinbentan.
  • Inguruan laguntza: Errezilen.
  • Azpeitiko komentuetako ospakizun berezietako parte hartzea.
  • Oharra: herriko ospakizun nagusietan Julian Barrenetxea abesbatzak ere kantatu izan du, Parrokiko koruarekin batera.

Elkarrizketa (2022-12-9, Uztarria.eus). Hiru esan:

  • “Parrokian izaten diren elizkizunak kubritzea izaten da koruaren zeregin nagusia, eta hor, hileta elizkizunetan babesa ematea, Zerbitzu potentea ematen du hiletetan, urtean ehun pasa izaten direlako, eta haietan koruaren talde bat beti egoten da”.
  • “Saninazioetan, sansebastinetan, Aste Santuan eta Gabonetan izaten diren ekitaldi berezietan ere hartzen du parte. Beraz, badu aktibitate bat”.
  • “Kide gehienak, 60-75 urteko herritarrak dira. Edozein herritarrek du koruan kantatzeko aukera, eta azkenaldian bat edo beste inguratu izan da".