Kultur taldeak (17): Parrokiko korua

“Zerbitzu potentea ematen du koruak”

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko abe. 9a, 17:57
Parrokiko koruaren talde argazki bat.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 17. alea, Parrokiko koruarekin. Kepa Susperregi da, parrokiko erretorea izanik, haren azkeneko arduraduna, eta esan du edozeinek duela koruan kantatzeko aukera.

Badatoz Gabonak. Parrokiko koruak jarduera handiagoa izaten al du orduan?

Ez bereziki. Koruaren eginkizun nagusia parrokiko bertako eta inguruko elizetako elizkizunetan aritzea izaten da, eta urtean zeharreko momentu zehatz batzuetan ere bai.

Dena dela, abenduaren 24an kalean irten izan du kantuan koruak ere.

Bai, eta aurten ere jarduteko asmoa atera dela ikusi dut taldeko WhatsAppean.

Zer dinamika darama, orokorrean?

Parrokian izaten diren elizkizunak kubritzea izaten da zeregin nagusia, eta hor, hileta elizkizunetan babesa ematea, Egia esan, zerbitzu potentea ematen du hiletetan, urtean ehun pasa izaten direlako, eta haietan koruaren talde bat beti egoten da. Nahikoa konpromiso lotua da, sarri dagoelako kantu beharra zerbitzu hori emateko, Saninazioetan, sansebastinetan, Aste Santuan eta Gabonetan izaten diren ekitaldi berezietan ere hartzen du parte. Beraz, badu aktibitate bat.

Zenbat kide daude gaur egun?

10-15 ibiltzen dira.

Tarteka laguntzarik eskatzen al du Parrokiko koruak?

Zerbait berezia dagoenean, ateak irekita izaten dituzte Julian Barrenetxea abesbatzakoek eta Azketa taldekoek. Koruko batzuk ere aritzen dira haienean, kide direlako.

Zein dira korukideen adinaren ezaugarriak?

Gehienak, 60-75 urteko herritarrak dira. Edozein herritarrek du koruan kantatzeko aukera, eta azkenaldian bat edo beste inguratu izan da.

Emakumeak ere badaude.

Bai. Urteak dira badaudela. Emakume batek egiten ditu askotan zuzendari lanak: Berti Amasorrainek.

Parrokiko koruaren datu batzuk:

  • Sorrera: duela mende batzuk.
  • Egoitza: Soreasuko San Sebastian parrokia.
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: