Artea izango da protagonista igandean Azpeitian

Intza Trula 2024ko api. 29a, 15:00

Aitor LarraƱaga zinegotzia eta Miriam Kintana eta Mikel San Juan Artea eta Diseinua Eskola elkarteko kideak Kale Pintura Lehiaketako aurkezpenean. (Intza Trula)

Azpeitiko Udalak, Arte eta Diseinu Eskola elkarteak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatuta III. Kale Pintura Lehiaketa jokatuko dute igandean. Edonork har dezake parte, eta lehiakideak hiru kategoriatan banatuko dira: helduak, gaztetxoak eta haurrak.

Irudimenari bidea emateko aukera izango da igandean Azpeitian, hirugarren urtez jarraian Azpeitiko Udalak, Arte eta Diseinu Eskola elkarteak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatutako Kale Pintura Lehiaketan. Pertsona orori zuzendutako jarduera izango da, eta lehiakideak hiru kategoriatan banatuko dira: helduak, gaztetxoak (12 eta 16 urte bitartekoak) eta haurrak, hain zuzen. Lehiaketara aurkezten diren lanak Betharram aretoan jarriko dituzte ikusgai, maiatzaren 6tik 19ra bitartean.

Gaur eguerdian jakinarazi dituzte lehiaketaren xehetasunak Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko zinegotziak eta Miriam Kintana eta Mikel San Juan Arte eta Dinseinu Eskola elkarteko kideek. Larrañagaren aburuz, kaleko lehiaketek aukera ematen dute artistek lana nola egiten duten ikusteko: "Pintatzea nahiko jarduera bakartia dela esango nuke; bakoitzak etxean pintatzen du, eta erakusketetan ikusten da azken emaitza. Kaleko lehiaketek aukera ematen dute lan horien prozesu osoa ikusteko, eta nik uste dut hori polita dela".

Kintanaren iritziz, lehenengo eta bigarren edizioek harrera ona izan zuten, eta aurtengoa ere bide beretik joatea espero du: “Parte hartzera animatu nahi dugu jendea, bereziki azpeitiarrak”. Iaz, 23 pertsonak hartu zuten parte helduen mailan, eta hemezortzik haurrenean.

Lehiaketaren egunean margolariek 09:00etatik 11:00etara zigilatu beharko dituzte lanerako euskarriak Betharram aretoan. Euskarri horiek lanerako aurretik prestatuak eraman daitezke, baina ez da onartuko marrazki, zirriborro edo antzekorik duen materialik. Euskarriak gogorra izan beharko du, erakusketan jarri ahal izateko. Behin amaituta, egileek lanak Betharram aretoan aurkeztu beharko dituzte, 13:00etatik 13:30era bitartean, egilearen ondorengo datuekin batera: jaioteguna, NA zenbakia, herria, helbidea eta telefonoa. 

Parte hartzaile bakoitzak nahi adina lan aurkez ditzake, eta horiek kalean eta Azpeitiko lur eremuaren barruan egin beharko dituzte –parte hartzaile bakoitzak aukeratutako eremuan edo lekuan–. Teknika eta material guztiak erabil ditzakete. Horrez aparte, lanek inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute.

Epaimahaiak 14:30ean jakinaraziko ditu irabazleak –denbora horretan hamaiketakoa eskainiko zaie parte hartzaile guztiei–, eta jarraian ekingo diote sari banaketari. Epaimahaiak aukeratutako lehen lanak 800 euroko saria irabaziko du, eta bigarrenak 500 euro. Halaber, herritar sariaren irabazleak 300 euro jasoko ditu. 16 urtetik beherakoen kategorian arte materialarekin osatutako sariak banatuko dituzte.

Iaz Iker Mugarrak eskuratu zuen lehen saria, Santutxon egindako margolanarekin. Kale Pintura Lehiaketaren lehen edizioa, berriz, Juanjo Altuna arrasatearrak irabazi zuen. Lehiaketaren oinarriak honako lotura honetan ikus daitezke.