Juanjo Altunak irabazi du I. Kale Pintura Lehiaketa

Julene Frantzesena 2022ko mai. 8a, 16:59

Guztira, 22 helduk eta 18 gaztetxok parte hartu dute lehiaketaren lehen edizioan, eta epaimahaiak egindako lanen balorazio oso positiboa egin du, parte hartu duten artistek "maila handiko" lanak aurkeztu dituztelako. Lucio Fernandez izan da bigarren, eta lehen herritarraren saria Maite Eizagirrerentzat izan da. Haurren eta gaztetxoen mailako bi sariak, berriz, Izeia Rodriguezek eta Elene Arregik jaso dituzte.

Eguraldi ezin hobea lagun egin dute gaur Azpeitiko Kale Pintura Lehiaketaren lehen edizioa, eta Juanjo Altuna arrasatearra gailendu da. Orotara, 22 helduk eta 18 gaztetxok parte hartu dute lehiaketaren lehen edizioan, eta epaimahaiak jasotako lanen balorazio oso positiboa egin du, parte hartu duten artistek "maila handiko" lanak aurkeztu dituztelako.

09:00etatik aurrera izan dute herritarrek materiala zigilatzeko aukera, eta ordutik aurrera, herriko hainbat txokotan ikusi ahal izan dira margolariak. Askotariko irudiak egin dituzte, askotariko materialak erabilita, baina artista gehien Zelai Luzeren bueltan batu da, Enparan Dorretxea eta inguruak margotzeko.

Parte hartzaileek 14:00etarako eraman dituzte artelanak Betharrametara, eta Miriam Quintanak, Beatriz Pozok, Xabier Gantzarainek eta Aitor Etxeberriak osatutako epaimahaiak hartu du erabakia. 14:45 aldean zabaldu dituzte Betharrametako erakusketa aretoko ateak; ordurako herritar ugari zeuden atarian, lehiaketaren emaitzak jakiteko zain.

Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak azaldu duenez, arrakastatsua izan da lehiaketaren lehen edizioa, eta parte hartu duten margolari guztiei eskerrak eman dizkie. Epaimahaiari erabakia hartzea "kostatu" egin zaiola ere adierazi dute, batez ere, haurren eta gaztetxoen mailan. Dena den, lau adituek Izeia Rodriguezen eta Elene Arregiren lanak nabarmendu ditu, eta horiek sari bana eskuratu dute.

Helduen mailan parte hartu duten artistak, berriz, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri dira, hala nola Elgoibartik, Zarauztik, Azkoititik, Azpeititik, Lesakatik, Irundik nahiz Portugaletetik, eta lehen saria, 800 eurokoa, Juanjo Altunarentzat izan da, anbulatorioaren ondoko zubiaren irudiari esker. Bigarren, berriz, Lucio Fernandez izan da, Loiolan osatu duen obrari esker. Lehen herritarraren saria, aldiz, Maite Eizagirrek irabazi du, eta haren alabak jaso du diru saria.

Bihartik aurrera, zabalik izango da Betharrametako erakusketen aretoa, eta han izango dira ikusgai lehiaketara aurkeztutako lan guztiak. Kale Pintura Lehiaketa Azpeitiko Udalak, Arte eta Diseinu Ikastegiak eta Kulturaz kooperatibak antolatu dute elkarlanean, eta udalak azaldu duenez, datozen urteetan ere antolatuko dute lehiaketa. "Datozen urteetan ere lehiaketa antolatzeko konpromisoa hartzen dugu", azaldu du Albizu Kultura batzordeburuak sari banaketa ekitaldian.