Iker Mugarra: "Zer margotu erabaki aurretik, herrian buelta bat eman dut"

Ihintza Elustondo 2023ko mai. 8a, 10:45

Iker Mugarra kale pinturako lana egiten, atzo Santutxo auzoan. (Nerea Uranga)

Azpeitiko II. Kale Pintura Lehiaketako lehen saria irabazi du bizkaitarrak. Asteburu bakarrean, bi pintura lehiaketatan sari nagusiak lortu ditu.

Atzo jokatutako II. Kale Pintura Lehiaketako sari nagusia Iker Mugarrak (Trapaga, Bizkaia, 1975) irabazi zuen. 800 euro jaso zituen sari gisa bizkaitarrak. Santutxo auzoan kokatu zuen lanerako tokia, eta hantxe jardun zuen pintatzen goiz osoan, bere furgonetaren maletategiko atearen aterpean.

Santutxo auzoa aukeratu duzu margolana egiteko kokaleku.

Egun batean, Azpeitian ibili nintzen, eta auzo horretatik ikuspegi ederra zegoela ikusi nuen. Gero, lanean hasi eta konturatu naiz gauza gehiegi nituela egiteko, azkenean, baina, lana ondo gelditu da.

Zenbat ordutan egin duzu lan guztia?

Hiru ordu eta erdian edo egin dut, gelditu gabe jardun naiz.

Kale pintura lehiaketara aurkeztu duzun margolana figuratiboa da.

Bai, normalean horrelakoak egiten ditut.

Aurrez pentsatuta al zenuen zer margotu?

Panoramika bat egiteko ideia nuen, eta lanean hasi aurretik herrian zehar bueltatxo bat eman dut zer egin erabakitzeko, eta azkenean, Santutxotik ikusten ikuspegia margotzea hautatu dut.

Larunbatean beste pintura lehiaketa bat ere irabazi zenuen.

Bai, larunbatean Berrizeko [Bizkaia] pintura lehiaketan lehenengo saria irabazi nuen. Zorte handia izan dut asteburuan aurkeztu naizen bi pintura lehiaketetan.

Asteburu bakarrean bi sari, asteburu guztiak ez dira horrelakoak izango, ezta?

Ez, ez. Oso zaila da asteburu bakarrean bi sari irabaztea.

Margotzea al duzu lanbidea?

Ez, lanbidez irakaslea naiz. Gasteizko Idarte arte eta diseinu eskolan diseinu grafikoa irakasten dut. Iaz hasi nintzen berriro pintatzen eta margo lehiaketetan parte hartzen.

Iazko Azpeitiko kale pintura lehiaketan parte hartu al zenuen?

Ez, aurten etorri naiz lehenengo aldiz Azpeitiko lehiaketara.

Erlazionatuak

Iker Mugarrak irabazi du II. Kale Pintura Lehiaketa

Ihintza Elustondo - Nerea Uranga 2023 mai 07 Azpeitia