Iker Mugarrak irabazi du II. Kale Pintura Lehiaketa

Ihintza Elustondo - Nerea Uranga 2023ko mai. 7a, 15:30

Guztira, hemezortzi helduk eta hamar haur eta gaztetxok parte hartu dute lehiaketan. Helduetan, Eduardo Alsasuak eskuratu du bigarren saria, eta Asier Itulainek herritarrena. Gaztetxoen mailan, Ane Arrieta izan da garaile, eta haurren mailan, Erlo Urbistondo.

II. Kale Pintura Lehiaketa egin dute gaur Azpeitian, Arte eta Diseinu Ikastegiak (ADI), Kulturaz kooperatibak eta udalak antolatuta. Guztira, hemezortzi helduk eta hamar haur eta gaztetxok parte hartu dute lehiaketan, eta honako hauek izan dira irabazleak: helduen mailan, Iker Mugarrak irabazi du sari nagusia –800 euro–, Eduardo Alsasuak eskuratu du bigarren saria –500 euro–, eta herritarraren saria –300 euro– Asier Itulainentzat izan da; gaztetxoen mailan, 12 eta 16 urte artekoen saria –arte materiala– Ane Arrietak irabazi du, eta Erlo Urbistondok haurren saria –arte materiala–.

Komuntzo baserriaren aldetik Azpeitiko herrira dagoen ikuspegia oinarri hartuta egin du margolana Trapagarango (Bizkaia) Mugarrak. Koadro figuratibo bat marraztu du hark, eta denbora gutxi izan arren, xehetasun ugariko lana gauzatu du. Haren lanaren balioa beste margolanen gainetik baloratu du epaimahaiak, nahiz eta maila handiko beste lan ugari aurkeztu dituzten lehiaketara. Atzo, gainera, Berrizko (Bizkaia) Kale Pintura Lehiaketa irabazi zuen Mugarrak. Asteburu borobila izan du, beraz, margolariak.

Iazko edizioak izan zuen erantzun ona tarteko, aurten bigarrengoz egin dute Azpeitian Kale Pintura Lehiaketa. 09:00etan hasi da lehiaketa, Betharrametako erakusketa aretoan, eta artelanak toki berean aurkeztu behar izan dituzte partaideek 13:00etatik 13:30era artean. Gehienez jota, lau orduko denbora tartea izan dute, beraz, margolariek beren lanak gauzatzeko. Ondoren, antolatzaileek izendatutako epaimahaiak erabaki du zein diren aurtengo lan irabazleak, eta 14:30ean egin dute sari banaketa ekitaldia. Epaimahaiak erabakia hartu bitartean, gainera, hamaiketako eskaini diete pintura lehiaketako partaideei Sanagustin kulturgunean.

Margolariak herrian han-hemenka

Lanak kalean eta Azpeitiko lurretan egin dituzte partaideek, nahiz eta edozein teknika edo material erabilita gauzatu ahal izan dituzten. Hala, herriko txokoetan barrena margotzen aritu dira parte hartzaileak, eta hainbat herritar egon dira haien prozesua bertatik bertara jarraitzen.

Lehen bi sariak eskuratu dituzten lanak Azpeitiko Udalaren jabetzan gelditu dira, eta lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin osatutako erakusketa zabalduko dute bihar, astelehena, Betharrametan; hilaren 15era arte izango da irekita.

Iaz Juanjo Altuna arrasatearrak irabazi zuen pintura lehiaketaren lehen edizioa. Denera, 22 helduk eta hemezortzi gaztetxok parte hartu zuten lehiaketan orduko hartan.