"Lurraren defentsan" apirilaren 13ko jardunaldi nazionalean mobilizatzera deitu dituzte herritarrak

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 22a, 20:21
Apirilaren 13ko manifestaziora deitzeko agerraldia, Azpeitiko plazan. (Maialen Etxaniz)

Jardunaldi nazionalaren xehetasunak aletzearekin batera, Sañu Bizirikek eta Oletan ere Ez taldeek gogoratu dute apirilaren 5ean amaitzen dela Piaspe proiektuari alegazioak aurkezteko epea. Herritarrak alegazioak sinatzera deitu dituzte. Apirilaren 28an Sañu Eguna ospatuko dute. "Ekosistemen babesa, kontsumoaren eraldaketa eta ongizate soziala lehenesten dituen eredua" aldarrikatu dute Euskal Herria Bizirik sareko eragileek.

Euskal Herria Bizirikek deituta, manifestazio nazionala egingo dute Azpeitian apirilaren 13an. Egun horretarako prestatu dituzten ekintzen xehetasunak azaltzeko eta mobilizazioaren aldarri nagusiak nabarmentzeko agerraldia egin dute gaur Azpeitiko plazan, Euskal Herria Bizirik sarearen parte diren Sañu Bizirik eta Oletan ere Ez taldeetako kideek eta deialdiarekin bat egiten duten hainbat herritarrek. Erakundeak larrialdi ekologikoaren aurrean hartzen ari diren neurriak salatu ez ezik, "egiten ari diren natur baliabideen suntsiketa sistematikoa" ere gaitzetsiko dute apirilaren 13ko jardunaldi nazionalean. 

Aldarri nagusiak

Deitzaileek adierazi dutenez, agintari eta gobernu guztiek "bere egin dute klima larrialdiari aurre egiteko kapitalismo berdearen apustua". Hain zuzen, Espainiako eta Frantziako estatuak zein EAEko eta Nafarroako gobernuak jarri dituzte jopuntuan. "Horien ondorio dira, esaterako, EAEn onartu berri duten Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legea, edota onartze bidean den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala; Nafarroan, Klima-Aldaketari eta Energia Trantsizioari Buruzkoa eta Ipar Euskal Herriko Energia berriztagarrien ekoizpenaren azelerazioari buruzko legea". Horri lotuta, nabarmendu dute "garrantzitsutzat" jotzen dutela EAEko Lurralde Plan Sektorialaren onarpena gelditu dezatela exijitzea; izan ere, Euskal Herria Bizirikeko eragileen aburuz, "horrek berriztagarrien zabalpen masiboa eman ahal izateko baldintzak sortzea du helburu". "Argi esan beharra dago estrategia honek ez duela bizi dugun urgentzia ekologikoa gainditzea helburu, gutxi batzuen interes ekonomikoak defendatzea baizik", adierazi dute.

Halaber, esan dute "gero eta nabarmenagoak" direla azken hamarkadetan jazotzen ari diren "naturguneen suntsiketa sistematikoaren ondorio ekologiko eta sozialak". Hain zuzen, azpimarratu dute suntsiketa horiek "eragin zuzena" dutela elikagaien ekoizpenean, "lurrak industrializatzean elikagaiak ekoizten jarraitu ahal izateko aukera galtzen baita lur horietan". Horren karietara, neurriak hartzearen beharra aldarrikatu dute: "Bizi dugun urgentzia ekologikoaren aurrean beharrezko neurriak hartzea ezinbestekoa dela deritzogu. Bederatzi muga biofisikoetatik sei gainditu ditugula jakinda, eta egun ezagutzen dugun egonkortasun ekologikoa zalantzan izanik, natur ingurunearekin harremantzeko modua oinarritik aldatzearen beharra aldarrikatu nahi dugu".

(Maialen Etxaniz)

Eredu ekonomikoaren ondoriozko "hondamendi ekologiko eta soziala" ere jarri dute jopuntuan. Finean, kapitalismoaren eraginak salatu dituzte: "Gutxi batzuen eskuetan aberastasuna metatzea helburu duen eredu ekonomikoa, kapitalismoak, natur baliabideak modu masiboan ustiatzea eragin du. Honek ondorio ekologiko eta sozial oso larriak ekarri ditu, munduko biztanleriaren zati handi bat pobrezia egoeran izatetik, inoiz izan den ingurunearen eraldaketa handi eta bizkorrena ezagutzeraino. Horren adierazle da klima larrialdiaren aitzakiapean negozioa egin beste asmorik ez duten enpresa eta instituzioen jokaera". Ildo horretan, esan dute erakundeek eta enpresek klima larrialdian aurkitu dutela "kapital akumulazioaren dinamikari bultzada garrantzitsua" eman ahal izateko aukera, "herritarron oinarrizko bizi baliabideen pobretzea ematen den bitartea, osasungintza kasu".

Horrenbestez, "gizarte eredu hau oinarritik aldatzea" proposatzen dute Euskal Herria Bizirikeko kideek, "ekosistemen babesa, kontsumoaren eraldaketa eta ongizate soziala lehenesten dituen eredua aldarrikatuz".

Egun osoko jardunaldia

Apirilaren 13ko hitzordu garrantzitsuena manifestazioa izango den arren, egun osorako egitaraua prestatu dute Euskal Herria Bizirik sareko eragileek. 09:45ean egingo dute harrera plazan, eta 10:00etan hasita, agroekologia, elikadura burujabetza edota ekofeminismoari lotutako tailerrak eskainiko dituzte. Jarraian,12:00etan, Europako beste esperientzien berri emango dute Azoka Plazako aretoan egingo duten mahai-inguruan. Goizari bukaera emateko, herri bazkaria egingo dute 14:00etan Azoka Plazan.

Manifestazioa 18:00etan hasiko da plazatik, eta ekitaldiaren ondoren, Azoka Plazan mokadua eskainiko dute. 

Alegazioak eta Sañu Eguna

Jardunaldi nazionalaren xehetasunak aletzearekin batera, gogoratu dute apirilaren 5ean amaitzen dela Piaspe proiektuaren kontrako alegazioak aurkezteko epea. Hori dela eta, herritarrak alegazioak sinatzera deitu dituzte. Asteartea izango da horretarako azken eguna. Era berean, jakinarazi dute apirilaren 6tik 13ra Hamaika erakusketa ibiltaria izango dela ikusgai Sanagustin kulturgunean. Apirilaren 28an, berriz, Sañu Eguna ospatuko dute.