Azpeitiko Feministen Sareak, udalak eta Ikasle Abertzaleek Martxoaren 8rako dei egin dute

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 1a, 15:08
Azpeitiko Feministen Sareko kideak atzo, Azoka Plazan, Martxoaren 8rako prestatu dutena aurkezteko agerraldian. (Mailo Oiarzabal)

Gure bizitzekin negoziorik ez leloarekin, zaintzaren eta indarkeria matxistaren auziak plazara aterako dituzte feministek gaur zortzi. Udalak dei egin du mugimendu feministak antolatutako ekintzetan parte hartzera, eta era berean, egitarau propioa prestatu du Parekidetasun sailaren eta Emakumeen Txokoaren eskutik. Ikasle Abertzaleek, berriz, tailerra eta elkarretaratzea egingo dituzte Azpeitian M-8an.

Gaur zortzi, Emakumeen Nazioarteko Egunean, aldarriak plazaratzeko zein ospatzeko hitzordu ugari izango dira herrian. Duela egun batzuk Urola Erdiko Itaiak egin bezala, atzo eta gaur bitartean Martxoaren 8rako zein data seinalatu horren bueltan antolatu dituzten ekintzen eta mobilizazioen berri eman dute Azpeitiko Feministen Sareak, Azpeitiko Udalak eta Urola Erdiko Ikasle Abertzaleek.

Aldarrikatzeko eta ospatzeko gonbita

Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat eginez, Azpeitiko Feministen Sarea ere Gure bizitzekin negoziorik ez  leloarekin irtengo da kalera aurten Martxoaren 8an. Hain zuzen ere, mugimendu horrek "urteetan burututako lanaren aitortza egitea eta hari segida ematea" da Azpeitiko Feministen Sarean elkartu diren emakumeen helburua: "Belaunaldien arteko zubi-lana egingo duen deialdia izan nahi du gureak, adin desberdinetako emakumeak elkarrekin eta elkarrekintzan arituz, herrian eragiteko. Gure arteko harremanetan sakondu eta sarea ehuntzen jarraitzeko aukera berri bat, leiho bat (janela bat) izango da Martxoaren 8ko hitzordua, hortaz; gaur arte gorpuztu ditugun diskurtso eta praxi morea antolatu, zaindu eta bizirik mantentzeko hautua egin baitugu".

Sarearen helburuak, asmoak eta ildoak kokatuta, zaintzaren eta indarkeria matxistaren auziak plazara aterako dituzte Azpeitiko feministek gaur zortzi. "Zaintza krisia eta horren dimentsio globala" jopuntuan ditu aspalditik mugimendu feministak, eta aurtengo Emakumeen Nazioarteko Eguneko aldarri nagusienetakoak ere zaintzari lotutakoak izango dira. Horrela azaldu dute Azpeitiko feministek, arazoak eta protestarako arrazoiak zehaztuz: "Sinestarazi da familia eta zehazki emakumeak direla zaintza lan horiek egin behar dituztenak. Oso murritzak dira zaintza lanak eskaintzen dituzten gizarte zerbitzu publikoak. Gainera, zerbitzu horiek pribatizatzen ari dira instituzioetatik. Zaintza negozio bilakatu dute; etekinei begiratuz, azpikontratazioen bidez, eremu publikotik atera eta merkatu pribatuaren esku utzi dituzte". Hori guztia dela eta, "funts putreei, multinazionalei eta irabazi asmoa sostengatzen ari diren enpresei eta instituzioei" mezu hau helarazi nahi diete feministek Martxoaren 8an: "Utzi gure bizitzekin negozioa egiteari!".

Indarkeria matxistarekin "nazkatuta" daudela eta horri aurre egiteko autodefentsa feministaren beharra ere aldarrikatuko dute gaur zortzi Azpeitiko Feministen Sarekoek. "Indarkeria matxistak egiturazko sistema oso bat du atzean hura sostengatzeko eta justifikatzeko. Eta karnabaletan gure herrian gertatutako erasoak sistema horren adibide dira. Emakumeonganako kontrol eta beldur mekanismoek ez gaituzte geldiaraziko. Erasoei aurre egiteko autodefentsa feminista da dugun tresna. Autodefentsa feministak har ditzakeen hamaika bide eta forma sortzen eta aplikatzen segituko dugu. Berriz ere berresten gara aldarri honetan", adierazi dute.

Aldarrikapen horiek lau haizetara zabaltzeko ez ezik, ospatzeko tartea ere hartuko dute Azpeitiko feministek Emakumeen Nazioarteko Egunean, eta aldarrikapenetan zein ospakizunetan, "herritar guztiei parte hartzeko gonbidapena egin diete. Hau da, hain zuzen, Azpeitiko Feministen Sareak Martxoaren 8rako prestatu duen egitaraua:

  • 17:15. Girotze tailerra, haur, gazte nahiz helduentzat.
  • 18:00. Elkarretaratzea, plazan.
  • 18:30. Mokadua.

Hilabete osorako egitaraua

Azpeitiko Udalak ere bat egin du Azpeitiko Feministen Sarearen deialdiarekin eta horiek antolatutako ekintzetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Baina horrekin batera, datorren asteazkenean hasi eta martxoaren 26ra bitartean hainbat ekintza antolatu ditu udalak Parekidetasun sailaren eta Emakumeen Txokoaren eskutik. Hona hemen egitarau osoa:

Martxoak 6, asteazkena

  • 17:30. Matazak. Ibilbide dinamizatua: Arana kalearen eta Errebalaren arteko zatitik abiatuta.

Martxoak 8, ostirala

Denok mobilizazio feministetara!

  • Eguerdi aldera, mural erakusketa eta pegatina banaketa egingo dira udaletxe azpiko arkupetan. Urola Ikastolako Batxiler 1eko eta Empalabramiento taldeko ikasleek parte hartuko dute.

Martxoak 18, astelehena

  • 18:30. Aurora Iturriozek dinamizatuta, Sexu indarkeriaren eta mito matxisten eragina eta inpaktua emakumeon bizitzetan mahai inguruan parte hartuko dute Nerea Barjolak eta Idoia Arraizak, Sanagustin kulturgunean.

Martxoak 23, larunbata

10:00-14:00. Emagin elkarteko kideek bideratuta, autodefentsa feminista ikastaroa izango da Emakumeen Txokoan. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da martxoaren 20a baino lehen izena ematea. Horretarako, 688 75 10 00 telefono zenbakira deitu behar da.

Martxoak 26, asteartea

  • 18:30. Luciana Alfarok Feminismo dekolonialera hurbiltzen hitzaldi-tailerra emango du Emakumeen Txokoan.

Tailerra eta elkarretaratzea

Eraso gabeko heziguneen alde, emakume langile batu borrokara leloarekin, tailer eta elkarretaratze bana deitu dute Urola Erdiko Ikasle Abertzaleek Martxoaren 8rako Azpeitian eta Azkoitian.

Azpeitian, Azoka Plazako goiko aretoan egingo dute tailerra, 11:00etan. Ondoren, 12:00etan, plazan elkarretaratuko dira Ikasle Abertzaleak.