Matazak sortu dute, Azpeitiko emakumeen memoria berreskuratzeko ibilbidea

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 28a, 14:14

Nagore Alkorta, Leire Goenaga, Malen Aldalur eta Ione de la Cruz. (Maialen Etxaniz)

Ezkutuko eta isileko lan mardularen emaitza da Matazak, herrian gremioetan aritutako emakumeen testigantzak eta bizipenak ardatz dituen ibilbidea. Azpeitiko hainbat emakumek josi dute proiektua, eta urriaren 8an aurkeztuko dute ehundutakoa. Egun horretan estreinakoz erakutsiko dute panelez eta audioz osatutako ibilbidea. Amaitzeko, antzerkia eskainiko dute Garbitokian, eta horretarako gonbidapenak eskuratu beharko dira aurrez. Helburua da aurrera begira jasotako lekukotzak liburuan biltzea. 

Azpeitiko emakumeen memoria berreskuratzeko ibilbidea sortu dute: Matazak. Azpeitiko Udalak, Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Emakumeen Txokoak ondu dute proiektua, baina horretarako ezinbestekoa izan da askotariko langintzetan aritutako emakumeen ekarpena. Sustatzaileek esan bezala, "Matazak ibilbide fisikoa da, baina baita ibilbide sinbolikoa eta aldarrikatzailea ere". Azpeitiko emakumeek herriari egindako ekarpena bistaratu eta aitortu nahi du Matazak egitasmoak, hainbat esparrutan jardun duten emakumeen bizipenak ezagutaraziz. Emakume horien lekukotzak eta esperientziak mataza bakarrean bildu dituzte, bederatzi geldialdi izango dituen ibilbidea josita. Gaur eman dituzte proiektuaren inguruko xehetasunak Azpeitiko Garbitokiaren aurrean. Bertan izan dira Malen Aldalur Parekidetasun teknikaria eta Ione de la Cruz Emakume Txokoaren dinamizatzailea, Nagore Alkorta alkatea eta Leire Goenaga alkateorde eta zinegotzia.

Duela bizpahiru urte hasi ziren Matazak ehuntzen Azpeitiko Emakumeen Mahaiko eta udaleko kideak. Farapi kooperatibak ere lagundu du prozesuan. Orduz geroztik lan mardula egin dute. Aurrena, gremioetan ibilitako emakumeak identifikatu zituzten, eta ondoren, haien testigantzak bildu zituzten, elkarrizketak eginda. Besteak beste, ikastolako andereñoak eta auzo eskoletakoak, abarketariak, zerbitzariak eta neskametzan aritutakoak, baserritarrak, dendariak, Telefonicako langileak, kulturgintzan aritutakoak, lixiberak eta politikagintzan jardundakoak elkarrizketatu dituzte, eta horien bizipenek osatzen dute Matazak. Guztira, hogeitik gora emakumeren bizipenei eta kontakizunei esker osatu dute Matazak, eta helburua da horiek guztiak etorkizunean liburu batean jasotzea. Sustatzaileek adierazi dutenez, proiektuan parte hartu duten emakumeek "pozez" hartu dute proiektuan parte hartzeko proposamena, baina kontatutakoak zabaltzearen garrantzia nabarmendu dute. Beraz, aurrerago helduko diote egiteko horri. Udaleko ordezkariek nahiz Emakumeen Mahaikoek uste dute "ezinbesteko" lana dela herriko emakumeei ikusgarritasuna ematea. Era berean, azaldu dute ibilbideak ere baduela alde "sinbolikoa", emakumeek eremu publikoan zuten lekuaz jabetzeko, eta "kontrasteaz" jakitun izateko. 

Dena den, proiektua ez da testigantzetan soilik oinarritzen, eta beste emakume batzuek ere jantzi dute proiektua. Esaterako, narratzailearen hitzak Alaitz Olaizolak idatzi ditu, eta Amaia San Vicentek eta Erika Olaizolak jarri dituzte ahotsak. Proiektua irudiz janzteaz, berriz, Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea arduratu da. Era berean, narrazioak grabatzeko lana Dinamoa sormen gunean egin dute, Kulturaz kooperatibako kideen laguntzaz.

Ibilbidearen inguruko xehetasunak

Ibilbidean zehar "emakumeentzat garrantzitsuak izan diren eta diren" gaiak landuko dituzte, hala nola kulturgintza, militantzia politikoa, elkarlaguntza eta babesa. Bederatzi geldialdiko ibilbidea da, eta geldialdi bakoitzean, testua irakurri, eta ondoren, QR bidez, ibilbidea jarraitzera gonbidatuko dute parte hartzailea.

Egitasmoa gaur aurkeztu duten arren, herritarren aurrean urriaren 8an aurkeztuko dute, ibilbide gidatua eskainiz. Amaia San Vicentek gidatuko du estreinako saioa. Matazak bederatzi geldialdiz osatuta dagoen arren, egun horretan hiru geldialdi egingo dituzte, ibilbide osoak luze jotzen duelako. Geldialdi horiek herriko plazan, Telefonica zenaren lekuan eta Garbitokian egingo dituzte. Garbitokiko geldialdia berezia izango da, antzerki batez girotuko baitute. Bertan, Trapu Zikinak antzezlana eskainiko dute Nafarroako Lore More antzerki konpainiako kideek. 

Urriaren 8an, 11:00etan jarri dute hitzordua plazan, eta hasteko Matazak proiektuaren aurkezpena egingo dute, eta jarraian ekingo diote ibilbideari. 11:45erako Garbitokian egotea aurreikusten dute sustatzaileek, eta orduan eskainiko dute Trapu Zikinak antzezlana. Amaitzeko, Garbitokian bertan, "memoria ariketa" egiten parte hartu dutenak eskertuko dituzte.

Ibilbidea doan izango da, baina gonbidapenak hartzea ezinbestekoa izango da Garbitokiaren edukiera mugatua tarteko. Gonbidapenak eskuragarri daude honako lotura honetan eta Emakumeen Txokoan.

Aurrera begira, ibilbidea herriratzea da Emakumeen Mahaiaren eta Azpeitiko Udalaren helburua, eta horretarako, herriko eragileekin eta ikastetxeetakoekin lantzeko asmoa dute.