Konponbiderako Giltzak kanpainarekin bat egin dute LAB eta ELA sindikatuek

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 19a, 16:45
ELAko eta LABeko ordezkariak, kanpainari babesa agertzeko argazkian. (Azpeitiko Sare)

Biktima guztiei "tratamendu justu eta berdina" emateko modua egiteko, zein euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbide bat bilatzeko eskatzen du Konponbiderako Giltzak manifestuak, besteak beste. Herritarren atxikimenduak jasotzen jarraitzen du Sarek. 

Sarek sustatutako Konponbiderako Giltzak manifestua babestu dute Azpeitiko LAB eta ELA sindikatuetako kideek. Hori dela eta, kanpainarekin bat egiten dutela agertzeko, argazkia atera zuten joan zen astean bi sindikatuetako ordezkariek ekimenaren ikur diren giltzak eta kartelak eskuan. Manifestuari babesa agertu ez ezik, Sarek Gabonetarako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute LABek eta ELAk. 

Sindikatuetako kideak ez dira manifestuarekin bat egin duten bakarrak. Duela aste batzuk hainbat herritarrek agerraldia egin zuten haien babesa agertzeko, Joan zen asteartean, berriz, EH Bilduko udal ordezkariek onartu egin zuten Giltzak. Gu gara giltza mozioa, eta argazkia atera zuten kanpainarekin bat eginez. Herritarren atxikimenduak jasotzen jarraitzen du Sarek. 

Joan zen urrian hasi zen Azpeitiko Sare Konponbiderako Giltzak kanpaina gizarteratzen. Biktima guztiei "tratamendu justu eta berdina" emateko modua egiteko, zein euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbide bat bilatzeko eskatzen du Konponbiderako Giltzak manifestuak, besteak beste. "Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaltzea" da kanpainaren helburua, eta aldarri bera aterako dute kalera Gabonetan egingo dituzten ekimenetan nahiz urtarrilaren 13an Bilbon egingo duten manifestazioan.