Konponbiderako Giltzak manifestua babestu eta Gabonetako ekintzetan parte hartzera deitu dute hainbat herritarrek

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 1a, 09:20

Konponbiderako Giltzak kanpainarekin bat egin duten herritarren agerraldia, asteazkenean, Basazabalen. (Azpeitiko Sare)

Gabon egunean elkarretaratzea eta abenduaren 30ean giltza katea egingo dituzte aurten. Horietan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei Azpeitiko Sarek eta agerraldian parte hartu duten herritarrek.

Konponbiderako Giltzak kanpaina gizarteratzeari ekin zion Azpeitiko Sarek urri amaieran. Aste honetan, hainbat herritarrek agerraldia egin dute Basazabalen. Batetik, biktima guztiei "tratamendu justu eta berdina" emateko modua egiteko, zein euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbide bat bilatzeko eskatzen duen manifestuari beren babesa adierazi diote herritar horiek; eta bestetik, Azpeitiko Sarek kanpaina beraren barruan Gabonetan herrian gauzatuko dituen ekintzak aurkeztu dituzte.

Ohi dutenez, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde eta konponbidea aldarrikatzeko bi hitzordu izango dira Azpeitian abendu bukaerako egunetan. Gabon egunean, 18:00etan, elkarretaratzea egingo dute plazan, Gu gara giltza! leloarekin. Eta abenduaren 30erako, berriz, giltza katea egiteko deia luzatu dute Sarek eta deialdiarekin bat egin duten herritarrek. Azken ekintza horretan arreta berezia jarri nahi izan dute deitzaileek, "ahalik eta jende gehien" elkartu nahi dute plazan, eta horregatik animatu nahi dituzte herritarrak parte hartzera; 18:30ean hasiko da giltza katearen ekitaldia.

Azpeitian Gabonetan izango diren ekintzetan parte hartzeko deia ez ezik, Sare Herritarrak deituta urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazio nazionalera joatekoa ere egin dute Konponbiderako Giltzak kanpainarekin bat egin duten herritarrek.