Konponbiderako Giltzak kanpaina gizarteratzeari ekin dio Azpeitiko Sarek

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 27a, 16:57

Azpeitiko Sareko kideek atzo arratsaldean Basazabal jauregian egindako agerraldia. (Utzitakoa)

Datozen asteetan herriko eragileekin bilduko dira haiei kanpaina berriaren inguruko informazioa helarazteko, eta herritarrei adi egoteko eskatu diete, abendurako hainbat ekimen antolatzen ari direlako. Horrez gain, urtarrilaren 13an Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Joan den igandean Konponbiderako Giltzak kanpaina aurkezteko agerraldi jendetsua egin zuen Sare Herritarrak Gernikan (Bizkaia), eta atzo arratsaldean Azpeitiko Sareko kideek gauza bera egin zuten Basazabal jauregian. Adierazi zuten "konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaltzea" direla kanpainaren helburuak, eta urtarrilaren 13an Bilbon mobilizatzera deia egin zuten: "Bete ditzagun kaleak giltzaz, konponbidearen mesedetan». Datozen asteetan herriko eragileekin bilduko dira haiei kanpaina berriaren inguruko informazioa helarazteko, eta herritarrei adi egoteko eskatu diete, abendurako hainbat ekimen antolatzen ari direlako.  

150 lagunek baino gehiagok sinatu duten manifestua irakurri zuten atzoko agerraldian. "Giltzari esker sartu eta irten egiten gara: aurrera egiten dugu. Edo atzean geratzen gara, gotorturik". Izan ere, giltza "iraganeko minak, gorrotoak eta biolentziak" atzean uzteko baliatu beharrean, "inoren sufrimendua ahaztu edo gutxietsi gabe" aurrera egiteko irakaskuntza izan daitekeela adierazi zuten: "Akatsetatik ikasiz ez errepikatzeko, norgehiagokak giltzapetu eta iraganean ainguratzen gaituzten lehiak ixteko". Bi arlotan eskatu dituzte urratsak sinatzaileek. Batetik, biktima guztiei "tratamendu justu eta berdina" emateko modua egiteko, "sufritu duten pertsona guztiak" aintzat hartuz eta errespetatuz. Bestetik, euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbide bat bilatzeko: "Espetxe eredu berri, humanizatu eta justuago batean sakonduz, euskal presoei dagozkien eskubideen jabetza aitortuz". Eskaera hori ez dela "zigorgabetasunarekin" nahastu behar diote.

ETAk borroka armatua etetearekin zein euskal presoei ezarritako bakartze eta urruntze politiken amaierarekin "urrats sendoak" egin direla onartzen dute agirian, baina baita gogoratu ere oraindik "legearen bidea jorratzeko ateak ireki ahala" aurrera egiteko "oztopo diren sarraila berriak" izaten dituztela sarri: "Salbuespenak giltzarrapo izaten darrai, etxerako ateak itxita jarraitzen du".

Bide beretik, adierazten dute epaileen eta fiskalen jarrera urrun dagoela oraindik "espetxe politika justu bat" izateko helburutik, nahiz eta salbuespenezko politikak "inolako justifikaziorik" ez izan. Are gehiago, espetxeetako tratamendu batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin "talka" egiten duela salatzen dute. "Eusko Jaurlaritzak onartu dituen gradu progresioen % 75i helegitea jarri die Fiskaltzak, eta askok itzuli behar izan dute espetxera eta bigarren gradura". Horren harira, gizartea "elkarbizitzarako ateak irekitzeko lanetan» ari dela diote agirian, eta arlo politiko, sindikal zein sozialean eragiteko nahia dute azaltzen dute, "etorkizuneko ateak irekitzeko". Hain zuzen ere, hori da, sinatzaileen hitzetan, "elkarbizitza oinarri izango duen etorkizuna" eraikitzeko bidea. Manifestuarekin bat egiten duten herritarrek, giltzak.sare.eus webgunean egin dezakete.