Done Jakue kaleko Gernikako arbola erori da, eta kalte materialak eragin ditu

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 22a, 14:03

Done Jakue kaleko Gernikako arbola erori den uneko irudia. (Ezezaguna)

Eguerdian erori da haritz arbola, eta kalteak eragin ditu haren aurrean aparkatuta zeuden bi autotan nahiz Javier Iraetak egindako sokamuturraren eskulturan. 

Done Jakue kaleko Gernikako arbola –Gernikako arbolaren kimu edo ezkurretik hazitakoa– erori da gaur eguerdian. Azpeitiko Udaltzaingoak Uztarriari jakinarazi dionez, erorketak kalte materialak eragin ditu Done Jakue kalean aparkatuta zeuden bi autotan eta sokamuturraren eskulturan. Javier Iraeta eskultorearen lanaren zati bat kaltetu du arbolak, zezenaren aldea, hain zuzen.

Suhiltzaileak berehala bertaratu dira ezbeharraren lekura, eta jarraian Udaltzaingoa eta udal brigadako langileak. Uneotan, eremua garbitzeko lanetan dabiltza, eta bihar arte itxita egongo da kalearen eremu hori, lanak amaitu bitartean. 

Imanol Eliasen Efemerideak liburuko erreferentzien arabera, 1905ean ekarri zuten Gernikako arbolaren kumea herrira, eta 1912an erabaki zuten Done Jakuen jartzea.
 

(Azpeitiko Udaltzaingoa)