Atzera begira

Egurrari kolpeka aurrera egin zuen artista

Nagore Aizbitarte 2022ko api. 3a, 19:30

Javier Iraeta, berak egindako sokamuturraren eskulturaren ondoan. (Nagore Aizbitarte)

52 urte zituela hasi zen Javier Iraeta egurrezko eskulturak egiten. Bere bizitzako momenturik txarrenean egurra "salbazioa" izan zela aitortu du eskultoreak. Txikitatik izan zuen, ordea, artearen munduarekin kontaktua, eta Azpeitiko hainbat egitasmo kulturaletan murgilduta ibili izan da beti. Bere ibilbideaz hitz egin du 2022ko martxoko Uztarria aldizkariko Atzera begira atalean.

Haurra zela, 4 edo 5 urte zituela, ohartu zen Javier Iraeta (Azpeitia, 1941) marraztea asko gustatzen zitzaiola. Gogoan du edozein lekutan eta ahal zuen denetan marrazten zuela. Eta marrazten hasi zen ume harenak dira gaur egun hainbat txokotan aurkitu daitezkeen lanak, hala nola Iraetaren lanetako bat da Frontoi Txikiaren alboan dagoen sokamuturraren brontzezko eskultura. Ez da hori, baina, Azpeitiko herriari utzi dion ondare bakarra. Izan ere, diseinuaren alorrean ere ibili zen, eta berak diseinatu zituen, adibidez, Azpeitiko Udalaren ikurra, danborradarena edota Itsasi dantza taldearena.

Baina sorkuntza horietara iristeko bidea askoz lehenago hasi zuen. 13 urterekin Arte eta Ofizioen gaueko eskolara joaten hasi zen, marrazketa artistikoan espezializatzeko. Sei ikasturte egin zituen han, eta gogoan du ez zela batere gaizki moldatzen: "Sei urte haietan aurreneko bost sari irabazi nituen hainbat lehiaketatan, eta horrek poz handia eman zidan". Etapa hartan asko ikasi zuela dio, baina ez zuen inoiz pentsatu etorkizunean arlo horretatik bizi ahal izango zenik.

Horrela, 21 urterekin Danona enpresan hasi zen lanean Iraeta. Han lanpostu ezberdinetan aritu zen, baina urteak igaro ahala, diseinuaren alorrean murgildu zen. Dena den, 35 urte inguru zituela, "motz samar" zebilela ohartuta, diseinu ikasketak egitea erabaki zuen. Azpeitiarraren esanetan, ez ziren egun errazak izan haiek: "Arratsaldeko seietan fabrikatik atera eta Donostiara joaten nintzen eskolak jasotzera. Etxera gaueko hamarretan iristen nintzen, eta emaztea eta bi seme-alaba zain izaten nituen".

Denbora tarte hartan ere lotura estua izan zuen Azpeitian martxan ziren kultur arloko hainbat egitasmorekin. Agrupacion Musical Azpeitiana elkarteko kidea izan zen, eta lokalak prestatzen zituen hango kideen kontzertuetarako. Herriko antzerki taldearekin ere kolaboratzen zuen; taldearentzako dekorazio tresnak eta agertokiak prestatzen zituen hainbatetan. Bestalde, Azpeitiko musika eskolaren sorrerako zuzendaritzako kidea izan zen, eta Urolako Kultura Mankomunitateko kidea ere bai hamar urte baino gehiagoz.

Iraeta, tailerrean egurra zizelkatzen. (Nagore Aizbitarte)

Bere esperientzia kontuan hartuta, Azpeitian bertan arte eta diseinu ikasketak eskainiko zituen eskola bat irekitzeko ideia otu zitzaion eskultoreari 1980an: "Iruditzen zitzaidan herriko nahiz inguruko jende askok eskertuko lukeela halako eskola bat gertu izatea. Nik bere garaian Donostiara joan behar izan nuen, eta hori aldatzea nahi nuen". Horrela, 1980ko azaroaren 1ean ireki zituen ateak Arte eta Diseinu ikastegiak, hainbat kooperatibaren laguntzari esker. Iraeta hasieratik aritu zen eskola hartan irakasle lanetan, eta zuzendaria ere izan zen. Garai haien oroitzapen "oso ederrak" dituela azaldu du azpeitiarrak.

Zentroak oso ondo funtzionatzen zuela gaineratu du: "Lehenengo urteetan, kooperatiben laguntza izan genuen, eta ondoren, asko lagundu zigun Azpeitiko Udalak ere. Eskertzekoa da inguruan izan genuen babesa". Hamabi urteko ibilbidearen ondoren, ordea, arazo ekonomikoak zirela medio, zentroak ateak itxi behar izan zituen. 52 urte zituela, beraz, langabezian geratu zen Iraeta, zer egin ez zekiela.

Egurra salbazio

Garai haiek "oso ilunak" izan zirela esan du, baina garai ilun haietatik dena argiztatuko zuen proposamen bat iritsi zitzaion: Gabino Aizpuruk, bere lankide zenak, egurrarekin eskulturak egiten hasteko esan zion. Bete-betean asmatu zuen. Iraeta berehala hasi zen egurra lantzen, eta azkar ohartu zen erraz eta oso gustura egiten zuen zeregina zela hura. Egurrari kolpeka pasio berri bat aurkitu zuen, eta horrek eman zion aurrera jarraitzeko indarra: "Gaur egun argi daukat orduan egurrezko eskulturak egiten hasi ez banintz oso zaila izango zela iluntasun hartatik ateratzea". Eskulturak egiten ari zen bitartean "bakean" sentitzen zen Iraeta, eta hori berarentzat "izugarrizkoa" zela nabarmendu du.

Gai asko landu izan ditu Iraetak bere lanetan. Inspirazio iturri nagusia emakumeak eta amak direla adierazi du, baita lan pobreak, baserritarrak, arrantzaleak... Txikitako oroitzapenak ere baliatu ohi ditu lanerako: "Baserri batean hezitakoa naiz, eta horri lotutako oroitzapen asko dauzkat, bai lan gogorrenak, baita familiaren arteko harremanenak ere. Inspirazio iturri handiak dira horiek niretzat". Sorkuntza prozesuarekin asko gozatzen duela adierazi du, eta uste du bere lanek ez dutela bestelako tailugile profesionalen amaiera bera. Dena den, hori ez da gehien kezkatzen duena; izan ere, harentzat eskulturak kontatzen duen istorioa da garrantzitsuena: "Jendeak nire lana ikustea eta berehala ulertzea zer dagoen atzean".

Iraeta, urteetan egin dituen lanen artean. (Nagore Aizbitarte)

Azpeitiarrak gogoan du erakusketa batean bere eskultura bat erosi zuten lehen aldia. Donostian izan zen, eta erakusketak izan zuen "harrera onaz" gogoratzen da: "Jende pila bat bertaratu zen, ederra izan zen". Ordutik beste hainbat erakusketa egin ditu, baina eskultoreak argi dauka erakusketen mundua ez dela "erraza". Dena den, Azpeitian jarri zuen azkenengo erakusketaren oroitzapen "polita" du. 2019ko urrian izan zen: "Saldu ez nuen saldu, baina jende ugari joan zen hara. Askok ez zekiten horrelako lanak egiten nituenik, eta polita izan zen jendearen gertutasuna sentitzea".

Iraeta pozik dago urte guztiotan egin duen ibilbidea dela eta. Ez da inoiz damutu "berandu" hasi izanaz: "Egurra eta eskultura behar zuten unean iritsi ziren nire bizitzara". Deskubrimendu horrek nortasuna eman zion Iraetari, "nortasuna eta bakea". Hala ere, badaki bere kasua "berezia" dela, eta horregatik, gaur egungo gazteei benetan gustuko duten horren aldeko apustua egiteko indarra bidali nahi die: "Ziur nago talentu handia dutela arlo askotan: antzerkian, marrazkigintzan, kantuan...".

Egurrari kolpeka hainbeste ordu eman dituen tailerrean, atzera begira jarri da Iraeta, eta eskerrak emateko baliatu nahi izan du unea. Hain zuzen ere, gertukoengandik urteetan jaso duen babesa izan du gogoan, horiek "erraztasunak" eman dizkiotelako. Haren esanetan, jada ez ditu lehen bezainbeste ordu ematen tailerrean, ez nahi ez duelako, "ezin" duelako baizik, baina argi dauka bere pasioa ez duela albo batera utziko: "Ahal dudan bitartean egurrak nire bizitzaren parte izaten segituko du; horretan ez dago zalantzarik".

Iraeta, bere sorkuntza batzuekin. (Jexux Artola)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide