Asteazkenean irekiko dute Esklabetako zuzkidura-etxeetan izena emateko epea

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 21a, 10:39

Esklabetako zuzkidura etxeak (Azpeitiko Udala)

Etxebiden izena emanda daudenek eman dezakete izena Esklabetako zuzkidura-etxeetan. Abenduaren 5ean itxiko dute izena emateko epea. 48 zuzkidura-bizitokien artean mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako bi logela daude. Gainerako 46 etxetatik 29 logela bakarrekoak dira, eta hamazazpi bi logelakoak. Gehinez, bost urterako izango dira esleipenak, eta hileko kanon bat ordaindu beharko da.

Eusko Jaurlaritzak eta Azpeitiko Udalak jakinarazi dutenez, bihar irekiko dute Esklabetako zuzkidura bizitokietan izena emateko epea, eta Etxebiden izena emanda daudenek abenduaren 5era arte izango dute horretarako aukera. 

Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratu zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Esklabetan 48 zuzkidura-bizitoki alokairuan esleitzeko prozesua hasteko agindua. Azpeitiko Udalak azpimarratu duenez, "kontuan hartu behar da dagoeneko Etxebideren alokairu-araubideko eskatzaileen erregistroan alta emanda daudenek bakarrik eman dezaketela izena Esklabetako zuzkidura-etxeetan".

Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sei milioitik gora euro bideratu ditu Azpeitiko Udalak doan lagatako eraikina birgaitzeko.

Ezaugarriak eta baldintzak

Azpeitian edo "Urola Kostako eremu funtzionalean" egon behar da izena emanda Esklabetako zuzkidura etxebizitzetara hautatzeko, hau da, Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Errezilen, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. Aginduak beste eskakizun hauek ere jasotzen ditu: bizikidetza-unitateak gehienez hiru kidekoak izatea; inskripzioaren titularretako bat gutxienez Azpeitian erroldatuta egotea; eta horietako bat gaur egun 36 urtetik beherakoa izatea. Arlo ekonomikoari dagokionez, aginduak ezartzen du 2022ko ekitaldian 3.000 eta 42.315 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak eduki behar direla eta eskatzaileak ez duela etxebizitzarik jabetzan.

48 zuzkidura-bizitokien artean mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako bi logela daude. Gainerako 46etatik 29 logela bakarrekoak dira, eta 17 bi logelakoak. Bizitokiak komentuaren ekialdean daude, 7.951 metro karratuko espazio batean, eta apartamentuak beheko, lehen eta bigarren solairuetan daude banatuta. Gehinez bost urterako izango dira esleipenak, eta hileko kanon bat ordaindu beharko da. Kanon hori esleipena egiten zaienen diru-sarrera haztatuen %30 baino txikiagoa izango da. Eskakizunetako batzuk, hala nola gutxieneko diru-sarrerak edo Azpeitian edo Urola Kostan erroldatuta egotea, ez dira aplikatuko mugikortasun urria duten pertsonen edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen kasuan.

Interesdunek aukera hauek dituzte eskaera tramitatzeko: Azpeitia Berritzenen bulegoan, Etxebideren webgunearen bidez, presentzialki, zuzenean zerbitzuko bulegoen bidez; edo posta arruntaren bidez, Gipuzkoako Etxebizitza Ordezkaritzara zuzenduta.

2017an iragarri zuen udalak Esklabetan alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko akordioa egin zuela Jaurlaritzarekin. 2018ko otsailean sinatu zuten bi erakundeek akordioa gauzatzeko hitzarmena, eta urtebete geroago, 2019ko martxoan, lanak urte hartako irailean hasiko zituztela iragarri zuten. Baina hasierako aurreikuspenarekiko bi urteko atzerapenarekin hasi ziren proiektua gauzatzen Esklabetako ekialdeko hegalean, hain zuzen, 2021eko abuztuan. Dagoeneko amaitzear daude lanak.