Esklabetako alokairu sozialeko etxebizitzen obrak, martxan

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 3a, 12:09
Hasi dituzte Esklabetan alokairuko etxebizitzak egiteko obrak. (Maialen Etxaniz)

Duela hilabete inguru hasi zituzten Esklabetan 48 etxebizitza sozial egiteko obrak. OCISA enpresak irabazi zuen obren lehiaketa publikoa, eta 26 hilabeteko epean amaitu beharko ditu eraikuntza lanak. Obren aurrekontua 5.459.603,64 eurokoa da. Ingurua ere urbanizatuko dute. 

Martxan dira Esklabetako eskuin hegalean alokairu sozialeko 48  etxebizitza eraikitzeko lanak. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak uda hasieran esleitu zituen Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko bizitokiak egiteko obrak, eta Obras y Construcciones e Instalaciones (OCISA) enpresak irabazi zuen lehiaketa. Horrenbestez, OCISAk egingo ditu eraikuntza lanak. Obrak egiteko aurreikusitako aurrekontua 5.459.603,64 eurokoa da, eta eraikuntza enpresak 26 hilabeteko epean amaitu beharko ditu obrak. Abuztuaren hasieran ekin zioten lanei, eta dagoeneko hasi dira eraikinaren zenbait zati eraisten. Eraikinak ondare balioa duenez, horren egitura eta itxura mantenduko dute. 

Alokairu sozialera bideratuko den guneak, guztira, 7.951 metro koadro ditu, eta etxebizitzak egiteaz gain, ingurua ere urbanizatuko dute.

Azpeitiko Udala 2014an hasi zen Esklabak edukiz betetzeko aukerak aztertzen, eta 2017ko urrian jakinarazi zuen alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzea adostu zuela Eusko Jaurlaritzarekin. Handik hilabete gutxira, 2018ko otsailean, akordio hori gauzatzeko hitzarmena sinatu zuten Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eta orduko alkate Eneko Etxeberriak. Esklaben komentua udalarena da, eta proiektua gauzatzeko beharrezkoa den zatia Jaurlaritzari ematea onartu zuen, hark etxebizitzak egin eta Alokabideren bidez kudeatzeko. Hasiera batean 2019an ziren obrak hastekoak, baina prozesua luzatu eta aurten ekin diote lanei.

Sarrera baldintzak "erabat zehaztu gabe" daudela azaldu zuten erakundeek, baina horien inguruko zenbait zertzelada jakinarazi zituzten orduan.