Irailean hasiko dituzte Esklabetan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko lanak

Uztarria.eus 2019ko mar. 28a, 20:36
Esklabetako eraikinaren eskuin aldean egingo dituzte alokairu sozialeko etxebizitzak. (Azpeitiko Udala)

48 etxebizitza egingo dituzte orotara: 31 etxebizitza logela batekoak eta hamazazpi bikoak. Etxebizitzen alokairua eskatzaileen diru sarreren araberakoa izango da, eta sarrera baldintzak "erabat zehaztu gabe" badaude ere, alokairuen prezioen "aurreikuspen bat" egin dute dagoeneko. Udalaren hitzetan, "obrek eraikin osoa baldintzatuko dute, nahiz eta etxebizitzek ez duten eraikin guztia hartuko".

Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko lanak irailean hasiko dira. Horrela jakinarazi du gaur Azpeitiko Udalak. Erakundeak azaldu duenez, etxebizitzak eraikitzeko tramiteak "ondo bidean" doaz, eta "bestelako arazorik ezean" irailean hasiko dira obrekin. 

Udalaren arabera, Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 9an aurkeztu zuen alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko oinarrizko proiektua Azpeitiko Udalean. Hark Eusko Jaurlaritzaren proposamena aztertu du, eta jakinarazi duenez, "hainbat hobekuntza" proposatu ditu. "Exekuzio proiektua oso aurreratuta badago ere, oraindik azken zuzenketak aztertzen ari dira, eta oinarrizko proiektuaren gaineko aldaketak egin ahal dira", azaldu du Udalak. 

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako oinarrizko proiektuaren arabera, 48 etxebizitza egingo dituzte Esklabetako eraikinaren eskuin aldean; hamasei etxebizitza pisu bakoitzeko. Etxebizitza "txikiak" izango dira egingo dituztenak, 30 eta 50 metro koadro artekoak. Aurreratu dutenez, 31 etxebizitza logela batekoak izango dira; hamazazpi etxebizitza, berriz, bi logelatakoak. Logelez gain, egongela, sukaldea eta komuna izango ditu etxebizitza bakoitzak.

Sarrera baldintzak

Azpeitiko Udalak eta Eusko Jauralaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 2018ko otsailean sinatu zuten Esklabetako eskuin aldean alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko hitzarmena. Udalak azaldu duenez, "hitzarmenean jaso bezala" azpeitiarrek lehentasuna izango dute etxebizitzen alokairuan. "Hasiera batean, gazteen emantzipaziorako etxebizitzak izango direla aurreikusten da, baina herriko behar sozialei ahal den erantzunik egokiena emateko esleipenerako baldintzak aztertzen ari dira bi aldeak", esan du Udalak.

Sarrera baldintzak "erabat zehaztu gabe" badaude ere, alokairuen prezioen baremoen inguruko "aurreikuspen bat" egin dute dagoeneko. Logela bateko etxebizitzei dagokionez, diru sarreren %10 ingurukoa izango da alokairua familia unitateko. Horrela, 15.000 euro baino baxuagoko soldata dutenek 150 euro inguru ordainduko dute alokairua; 15.000 eta 21.000 euro arteko sarrerak dituztenek 200 euro; 21.000 eta 25.000 euro artekoek 250 euro; 25.000 eta 35.000 euro artekoek 300 euro eta 35.000 euro baino gehiagoko sarrerak dituztenek 350 euro.

Bi logelako etxebizitzen alokairuari dagokionez, berriz, familia unitateko 15.000 euro arteko sarrerak dituztenen alokairua 180 euro inguruan ibiliko da; 15.000 eta 21.000 euro arteko sarrerak dituztenek 240 euro ordaindu beharko dute; 21.000 eta 25.000 euro artekoek 300 euro; 25.000 eta 35.000 euro artekoek 360 euro eta 35.000 euro baino gehiagoko diru sarrerak dituztenek 420 euro inguru ordainduko dutela aurreikusten dute sustatzaileek.

Obren eragina eraikinean

Azpeitiko Udalaren arabera, alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko lanek Esklabetako eraikin osoan –eskuin zein ezker aldean– izango dute eragina: "Obrek eraikin osoa baldintzatuko dute, nahiz eta etxebizitzek ez duten eraikin guztia hartuko". Horrenbestez, gaur egun eraikinari ematen zaikion hainbat erabilera –grabaketak, herriko taldeen lokalak...– "bertan behera" geldituko direla jakinarazi du Udalak. Era berean, erakundeak azpimarratu du Azpeitiko Udala lanean ari dela erabilera horiei "alternatibak" bilatzeko eta "ahalik eta eperik laburrenean" obrak hasi ahal izateko.