41. Euskal Antzerki Topaketak

Euskal Antzerki Topaketak, Topic-eko txotxongilo artearen erakusleiho

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 13a, 11:03

Antzerki tradizionalaz gain, Euskal Antzerki Topaketen aurtengo menuko osagai izan dira txotxongiloak. Corrado Masacciren erakusketaz aparte, aurten, estreinakoz, Tolosako Topic museoaren zatitxo bat ekarri dute Azpeitira.

Udazkenarekin batera iritsi zen Azpeitira Euskal Antzerki Topaketen 41. edizioa. Antzerki tradizionalaz gain, aurtengo menuko osagai izan dira txotxongiloak. Corrado Masacciren erakusketaz aparte, aurten, estreinakoz, Tolosako (Gipuzkoa) Topic museoaren zatitxo bat ekarri dute Azpeitira.

Nazioarteko Txotxongilo Zentroa da Topic, eta 2009ko azaroan zabaldu zituen ateak. Europa osoan txotxongilo arteari eskainitako zentro integral bakarrenetakoa da. Tolosara gerturatu ezin dutenek, ordea, Topic-ek gordetzen duen altxorraren zatitxo bat ikus dezakete egunotan Azpeititik irten gabe. Soreasu antzokiaren sarreran jarri dute ikusgai Topic-etik ateratako txotxongilo sorta. Mota eta lurralde desberdinetako txotxongiloak ikus daitezke bertan. Besteak beste, Maliko, Vietnameko, Txinako, Indonesiako, Txekiar Errepublikako eta Euskal Herriko lanak ikus daitezke Soreasun.

Txotxongiloak askotarikoak dira, ur gainekoak, hegaxkak, eskularruak, mahai gainekoak… baita gorputz osokoak ere. Xehetasun askoko lanak dira, eta horiek guztiak gertutik ikusteko aukera dute herritarrek antzerki emanaldien aurretik eta ondoren. Azaroaren 23an amaituko dira 41. Euskal Antzerki Topaketak, Badon* obraren aurrestreinaldiarekin.