41. Euskal Antzerki Topaketak

Antzerki tradizionala, kale zein eskola antzerkia eta txotxongiloak, 41. Euskal Antzerki Topaketen osagaien artean

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 24a, 14:14

Antzerki Topaketen antolatzaile, sustatzaile eta parte hartzaileak, gaurko aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)

Azaroaren 2tik 23ra izango da Euskal Antzerki Topaketen 41. aldia. Aurten, ohiko osagaiez gain, "protagonismo berezia" eman nahi izan diote gaztetxoen antzerkiari, "herriz herriko antzerki taldeak sustatzeko". Salbe, publikoa antzezlanak irekiko ditu topaketak, eta Badon* obrak itxiko du egitaraua. Obra berezia da Badon*, eta Korrika Kulturalaren barruan ondu dute proiektua. Beste batzuen artean, Artedramaren Hondamendia, Eromenen Higa eta Ados teatroaren Lagun beltz asko obrak izango dira ikusgai. Tolosako Topic museoko txotxongileen erakusketa ere izango da Soreasun. 

Udazkenarekin batera datoz 41. Euskal Antzerki Topaketak, eta horien sustatzaileek dagoeneko prest dute aurtengo eskaintza. Gaur aurkeztu dute antzerki topaketen egitaraua Dinamoa sormen gunean, eta bertan izan dira Azpeitiko udaleko ordezkariak, Kulturaz kooperatibako ordezkariak, Azpeitiko gaztetxoen antzerki taldeko dinamitzaileak eta Eromeneko eta Badon*-eko kideak. 

Iazkoa edizio berezia izan zen, 2022an 40 urte bete baitzituzten Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek, eta antolatzaileek atzera begira jartzeko probestu zuten urtemuga. Aurten, ordea, "aurrera begira" jarri dira, eta "protagonismo berezia" eman nahi izan diote belaunaldi berriei. Horrela azaldu du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Hark aipatu du Azpeitian antzerkirako zaletasuna egon badagoela, eta hori "urte luzeko" lanaren isla dela. Euskal antzerkia sustatzeko bidean egindako lana eskertu dio Azpeitiko alkateak Kulturaz kooperatibari. Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Kultur batzordeburuak, bere aldetik, "euskarazko antzerkiarekiko duen konpromisoa" azpimarratu du, eta antzerki topaketak horren "erakusle argiena" direla aipatu du. "Euskarazko antzerkiari garrantzia berezia ematen diogu, hizkuntza erdigunean jarrita", adierazi du Larrañagak, eta gogoratu du euskara hutsean egiten diren antzerki jardunaldi bakarrenetakoak direla Azpeitikoak. 

Garazi Lazkano Kulturaz kooperatibako kideak "antzerki sormenean eta zaletasunean" jarri du arreta. "Azpeitian badago antzerkirako zaletasuna, eta hori oso pozgarria da. Zaletasunaren erakusle dira, besteak beste, antzerki tailerrek izan duten erantzuna edo helduen antzerki sormen laborategia osatu izana", aipatu du. Era berean, Antzerki Sormen Egonaldiak izan ditu hizpide, eta gogorarazi du horien emaitzak ikus daitezkeela antzerki topaketetan. "Aurten, esaterako, Dinamoan eta Soreasun egindako sormen egonaldian ondutako Badon* obra ikusteko aukera izango da Soreasun", azaldu du Lazkanok. Hark aurreratu duenez, egitarau "oparoa eta askotarikoa" eskainiko dute topaketen barruan, eta herritarrek ostegunez, ostiralez eta igandez gozatu ahal izango dute teatroaz. 

Menuan, dozenatik gora antzerki

41. Euskal Antzerki Topaketen menua askotarikoa izango da, eta osagaien artean daude antzerki tradizionala, kale zein eskola antzerkia eta txotxongiloak. Euskal konpainiarik ezagunenen, talde amateurren nahiz lehen urratsak egiten ari diren gazteen lanak ikusi ahal izango dira Soreasun, Dinamoan eta kalean. Guztira, dozena bat emanaldi baino gehiago. Erika Olaizola azpeitiarrak zuzendutako Salbe, publikoa antzerkiak irekiko ditu topaketak. Artedramaren Hondamendia, Zestoako Eromen antzerki eskolakoen Higa eta Ados teatroaren Lagun beltz asko obrak izango dira ikusgai azaroan zehar, beste batzuen artean. Teatroa kalera eramango dute Kamikaz kolektiboko kideek, eta Troia kale antzerkia eskainiko dute azaroaren 11n.

Obra berezi bat ere hartuko du Soreasu antzokiak aurtengoan: Badon*, eta horrek itxiko ditu topaketak azaroaren 23an. Korrika Kulturalaren barruan eta Kulturazek sustatutako sormen egonaldietan ondutako proiektua da Badon*, eta egitasmo "hiperkolektiboa" dela adierazi du haren zuzendari Marina Suarezek. Gaurko aurkezpenean izan da zuzendaria, eta nabarmendu du "konplexua eta hibridoa" dela agertokira eramango duten obra. "Festa bat" ere badela dio sinopsiak, baina izatez opera bat izateko ideiatik jaio zen. Musika, dantza, poesia... askotariko elementuak uztartu dituzte lana osatzeko, eta Euskal Herriko artisten erreferentziak ere baditu. Azpeitian eskainiko dutena estreinaldi aurrekoa izango da.

Euskal Antzerki Topaketen barruko eskaintza osoa eta obren sinopsia zein fitxa teknikoa eskuragarri daude sarean. 

Sarrerak salgai daude antzerkitopaketak.eus atarian eta Sanagustin kulturgunean. 

Gaztetxoei zuzendutako eskola antzerkia "indarberrituta" datorrela azaldu du Xanti Agirrezabala aktoreak. Agirrezabalak haurrei antzerki tailerrak eskaintzen dizkie Alaitz Olaizolarekin batera, eta aurten helduen Antzerki Sormen Laborategia gidatzen hasi da. Beraz, hark ondotxo ezagutzen du herrian antzerkirako dagoen zaletasuna. Hala ere, "kezkaz" bizi dute euskal eszenan arte biziek duten egoera. "Ikuslego berria, gaur egungo gaztetxoak, nola hezi pentsatzen gabiltza une oro, beti dugu borroka hori parez pare. Azpeitian ikusi da txikienek ere badutela antzerkirako joera eta zaletasuna, eta akaso izan daiteke jarraitu beharreko bidearen eredu", adierazi du Agirrezabalak. 

Beraz, aurten ere antzerkizale eta antzerkigile gaztetxoentzako eskaintza ederra prestatu dute. Urtero bezala, hainbat herritako gaztetxoen antzerki taldetako kideak Azpeitira etorriko dira ikusle gazteen aurrean antzezlanak eskaintzera. Hain zuzen, eskola antzerkiaren barruan, Amezketako, Azpeitiko, Bermeoko eta Errezilgo antzerki eskoletako artistak izango dira oholtzan. "Eskola antzerkiak badu zerbait berezia: oholtzan daudenak nahiz ikusleak denak dira gaztetxoak, eta hori positiboa da", nabarmendu du Agirrezabalak. Zentzu horretan egin dute aurten indarra emateko apustua. Gainera, azken egunean, gaztetxoei zuzendutako Piztu! Emakumeon energia antzerki profesionalak borobilduko du eskola antzerkiaren menua. 

Txotxongiloak ere protagonista

Urtero bezala, Corrado Masacciren txotxongilo erakusketa izango da Betharram aretoan azaroaren 1etik 15era. Aurten, ordea, Masacciren erakusketaz gain, txotxongiloek bere leku propioa izango dute antzerki topaketetan; izan ere, Tolosako Topic museoaren zatitxo bat Azpeitira ekarriko dute, Kulturaz kooperatibak Topic museoarekin hasitako elkarlana tarteko. Nazioarteko Txotxongilo Zentroa da Topic, eta 2009ko azaroan zabaldu zituen ateak. Europa osoan txotxongilo arteari eskainitako zentro integral bakarra da. Soreasu antzokiaren sarreran jarriko dute ikusgai Topic museotik ateratako txotxongilo sorta, eta bildumaren xehetasunez gozatzeko aukera izango dute herritarrek antzerki emanaldien aurretik eta ondoren. 

Topic museoko txotxongiloen bilduma txiki bat jarriko dute Soreasun, eta txotxongilo ikastaroa ere eskainiko dute

Aitor Bengoetxea Kulturazeko kideak azaldu duenez, Topic zentroarekin hasitako elkarlanaren emaitza da aurtengo erakusketa."Topic bezalako proiektuekin konplizitateak bilatzeko asmoarekin ekin diogu elkarlanari, eta horren lehen urratsa da antolatu dugun erakusketa", adierazi du. Horrez gain, txotxongilo tailerra ere antolatu dute Tolosako museoko kideekin batera, txotxongiloen bueltako eskaintza ez dadin "kontenplatiboa" soilik izan. Beraz, azaroaren 12an, igandez, txotxongilo tailerra eskainiko dute Dinamoa Sormen gunean, 11:00etan hasita. Doakoa izango da, baina bertan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez. Tailerrean txotxongiloak egiten ikasi ez ezik, ahotsek eta mugimenduek duten garrantzia ere landuko dute. 

Sarrerak salgai daude antzerkitopaketak.eus atarian eta Sanagustin kulturgunean. Helduen sarrerek 10 euro balioko dute, eta haurrenek 5 euro. 

41. EUSKAL ANTZERKI TOPAKETEN EGITARAUA

  • Azaroak 2, osteguna:
    Salbe, publikoa. Goaz antzerki taldea. 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Helduentzat.
  • Azaroak 3, ostirala:
    Hondamendia. Artedrama. 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
  • Azaroak 5, igandea:
    Higa. Eromen Produkzioak. 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
  • Azaroak 9, osteguna:
    Identitarteak. Giltxikari taldea. 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Helduentzat.
  • Azaroak 10, ostirala
    Itsas behera. Pez Limbo. 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
  • Azaroak 11, larunbata
    Troia. Kamikaz Koletiboa. Kale antzerkia. 12:30ean, Soreasuko plazan. Denentzat.
  • Azaroak 12, igandea
    Lagun beltz asko. Ados Teatroa. 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
  • Azaroak 16, osteguna
    (H)ondoko gela. Les Bobe Bobe elkartea. 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Helduentzat.
  • Azaroak 18, larunbata
    Arraina bihotzean. Mar-Mar Teatroa. 17:00etan, Soreasu antzokian. Familientzat.
  • Azaroak 23, osteguna
    Badon*. 2023-24 Korrika Kulturala; estreinaldi aurrekoa. Ondoren, Topaketetako sari banaketa. 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat. 

ESKOLA ANTZERKIA

  • Azaroak 13, astelehena:
    11:00etan, Soreasu antzokian. Ipuin klasikoak bertsionatuta (Hiru txerritoak eta Txanogorritxo). Errezilgo San Martin herri eskola.
    Zoo-logikoa eta Amaieraren hasiera antzerkiak. Azpeitiko gaztetxoen antzerki taldeak (LH 5 eta LH6). LH2tik LH6ra artekoentzat.
  • Azaroak 14, asteartea
    Sua barnetegian eta Filotimo (Pandoraren kutxa) antzerkiak. Azpeitiko gaztetxoen antzerki taldeak (10-12 urtekoak). 11:00etan, Soreasu antzokian. LH5 eta LH6koentzat.
  • Azaroak 15, asteazkena
    Hirugarren ziklora heldu gara eta Irakasle gaiztoak antzerkiak. Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxea (LH6). 11:00etan, Soreasu antzokian. LH3tik LH6ra artekoentzat.
  • Azaroak 16, osteguna
    Edurne zuri ipuin musikatua, Pernando amezketarraren pasadizo bati buruzko bertso antzerkia eta Erretorearen txerria antzezlana. Amezketako Zumardi Eskola (LH3tik LH6ra artekoak). 11:00etan, Soreasu antzokian. LH1teik LH6ra artekoentzat.
  • Azaroak 17, ostirala
    Piztu. Emakumeon energia. Eidabe antzerkia. 11:00etan, Soreasu antzokian. 

ERAKUSKETA

  • Azaroak 1-15:
    Txotxongiloekin jolasean. Corrado Masacci. Erakusketa eta bisita gidatuak ikastetxeekin. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara; asteburuetan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara. Betharrametako erakusketa aretoan.
  • Azaroak 3-18:
    Topic-eko txotxongiloen erakusketa, Soreasu antzokiaren sarreran. 

TXOTXONGILO TAILERRA

  • Azaroak 12, igandea:
    11:00etan, Dinamoa sormen gunean, Txotxongiloak egiten ikasteko tailerra, Topic-eko kideen eskutik.