Konstituzionalak hizkuntza eskubideen kontra emandako epaia salatzeko mozioa aho batez onartu du udalak

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 20a, 17:11
Zinegotziak eskua altxatuta bozkatzen, atzoko udalbatzarrean. (Azpeitiko Udala)

EAJk aurkeztu zuen atzo, iraileko udalbatzarrean, euskalgintzako eragileek eta Uemak uztailean plazaratutako salaketarekin bat egiten duen mozioa. Jeltzaleen testua bere horretan onartu zuten udalean ordezkatutako bi alderdiek, baina mozioari lotutako bi zehaztapen mahai gainean jarri eta horiek aktan jasotzeko eskatu zuen EH Bilduk.

Atzo egin zuen Azpeitiko Udalak opor osteko lehen udalbatzarra, irailekoa. Besteak beste, EAJren udal taldeak aurkeztutako mozioa landu zuten hautetsiek. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen eta udalek euskaraz lan egitearen kontra emandako epaia salatzeko mozioa aurkeztu zuten jeltzaleek, euskalgintzako eragileek eta Uemak uztailean plazaratutako salaketarekin bat egiten duena.

Atzo bertan, Espainiako Kongresuan diputatuek euskara, katalana eta galiziera nahieran erabili ahal izan zuten lehen aldiz, eta horrekin lotu zuen Jabier Altuna EAJren bozeramaileak mozioaren edukia. "Madrileko Kongresuan gaur lehen aldiz euskaraz hitz egin da eta uste dut pozgarria dela hori, detaile bat, baina ez zait iruditzen Madrilgo parlamentuan euskaraz hitz egiteak euskararen normalizazioari edo ofizialtasunari duen garrantzia ematen dionik", adierazi zuen Larrañagak. Hizkuntzaren normalizazioak beste neurri batzuk eskatzen dituela azpimarratu nahi izan zuen, baita normalizazio horri epai bidez aspalditxo jarri nahi zaizkion galgak ere: "Epaile batzuek ez dute ulertzen, edo ez dute ulertu nahi, koofizial eta ofizial hitzek zer esan nahi duten". Hain zuzen ere, "oldarraldi judizialaren" testuinguruan kokatu du EAJk Konstituzionalaren epaia, eta .

Hau da, osorik, mozioaren testua:

"Euskalgintzako eragileekin batera, Azpeitiko EAJko hautetsiok zera adierazi nahi dugu:

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu idatzi hau aurkeztera.

Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sentenzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza politikak guztiz mugatzen baititu.

Bide batez, adierazi nahi dugu herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza politikak direla atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori.

Finean, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza politikak indarrean jartzea eragozten du.

Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabala babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik, adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan. Erabakimen horren defentsan, hona hemen ehunka alkate eta udal ordezkariren presentzia.

Uste dugu epai hau oldarraldi judizial zabalagoaren parte dela, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen dela. Epai honen ondoren, salaketa are eta irmoago egiten dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez. ere, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde".

Aho batez onartu zuten mozioa udalean ordezkatutako bi alderdietako ordezkariek, baina onartutako testuari lotuta "salaketatik harago" joateko asmoz bi zehaztapen edo eranskin jarri zituen mahai gainean Udal Gobernua osatzen duen EH Bilduk, eta horiek aktan jasotzeko eskatu zuen Aitor Larrañaga Euskara batzordeburuak. Hauek dira EH Bilduren eskariz aktan jasotako zehaztapenak: ""Udal honek konpromisoa hartzen du hizkuntzaren normalizazioan eragile izateko, eta dagokionari eskatzeko euskara babesteko eta sustatzeko lege babesa garatu eta onartu dezala; eta, udalak konpromisoa hartzen du bere jardunean zeharkakotasunez euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko. Lanean jarraituko dugu zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza euskara izan dadin".

Kargu hartzea eta arduraldia

Udal berria eratu zenean bertan izaterik izan ez zuen Miren Arrietak (EH Bildu) atzoko udalbatzarraren hasieran hartu zuen dagokion zinegotzi kargua, "legeak behartzen" duelako zin eginda.

Era berean, zehaztu gabe gelditu zen ekainaren 26an, udal berriaren batzordeak, ardurak eta ordainsariak erabakitzeko udalbatzarrean, Jabier Larrañagaren arduraldia, eta hori ere atzoko bilkuran jakinarazi zuten: lanaldiaren %95 liberatuko da oposizioko talde bakarraren bozeramailea, 28.050 euroko soldata gordinarekin.

Hizkuntz eskubideen kontrako epaia salatzeko mozioa bezala, aho batez onartu zituzten bozkatu beharreko gainerako puntu guztiak ere. Tartean, Perdillegiko eremuan adinekoen egoitza berria eraiki ahal izateko HAPOaren aldaketa puntualaren behin-behineko onarpena.