Udal batzordeak, ordainsariak eta udalaren menpeko erakundeetarako ordezkariak, zehaztuta

Maialen Etxaniz 2023ko eka. 27a, 14:30
2023-2027 agintaldiko lehen udalbatzarra. (Maialen Etxaniz)

Kargua hartu berri duten udal ordezkariek 2023-2027 agintaldiko lehen udalbatzarra egin zuten atzo. Besteak beste, udalbatzarren maiztasuna, batzordeen eraketa, ordainsarien zehaztapena, Bozeramaileen Batzordea osatzea eta udalaren menpeko erakundeetarako ordezkariak izendatzea izan zituzten hizpide atzokoan. Era berean, 2024ko herriko jaieguna zehaztu zuten. San Sebastian eguna jaiegun izango da datorren urtean. 

Joan zen ekainaren 17ko udalbatzaren osaketaren eta kargu hartze ekitaldiaren ostean, martxan dira 2023-2027 agintaldiko udal ordezkariak. Atzo, ekainak 26, egin zuten agintaldiko lehen udalbatzarra, datozen urteetako antolaketari dagozkion erabakiak hartzeko. Ez ziren EH Bilduko eta EAJko ordezkari guztiak elkartu atzokoan, baina aho batez onartu zituzten gai zerrendako puntu guztiak.

Udalbatzarren maiztasuna erabaki zuten aurrena. Ohi bezala, hileko lehen asteartean egingo dituzte Azpeitiko Udaleko udalbatzarrak, 19:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian. Abuztuan ez dute udalbatzarrik egingo. Hori erabakita, batzordeen eraketari eta ordainsarien zehaztapenei ekin zioten. Bozeramaileen Batzordea eta udalaren menpeko erakundeetarako ordezkariak ere zehaztu eta onartu zituzten. Datozen urteetan Joanes Amenabar izango da EH Bilduren bozeramailea, eta haren ordezkoa Leire Goenaga izango da. Jabier Altuna izango da EAJren bozeramailea, eta Nerea Aldai haren ordezkoa. Bozeramaile Batzordea honako ordezkari hauek osatuko dute: Nagore Alkorta -lehendakaria-, eta Joanes Amenabar (EH Bildu) eta Jabier Altuna (EAJ).

Batzordeen eraketa

Zortzi batzorde berriemaile izango dira datozen agintaldian. EAJk egindako proposamena kontuan hartuta, izena aldatu diote orain arte Ekonomia eta Merkataritza izandako batzorde berriemaileari. Hain zuzen, datorren agintaldian Ekonomia, Merkataritza eta Turismo batzordea izango da hori. Gainerakoan, honako hauek izango dira batzorde berriemaileak: 

  • Estrategia eta Hirigintza. Batzordeburua Nagore Alkorta (EH Bildu) izango da.  Gainerako kideak: Joanes Amenabar, Ander Larrañaga (EH Bildu) eta Jabier Altuna eta Antonio Gallarin (EAJ).
  • Ogasuna, Barne antolaketa eta Langileria. Kontuen batzorde berezia bezala arituko da. Batzordeburua Leire Goenaga (EH Bildu) izango da. Gainerako kideak: Nagore Alkorta, Mikel Odriozola (EH Bildu) eta Nerea Aldai eta Alexander Silva (EAJ).
  • Ekonomia, Merkataritza eta Turismoa. Batzordeburua Ander Larrañaga (EH Bildu) izango da. Gainerako kideak: 
  • Leire Goenaga, Nagore Alkorta (EH bildu) eta Jokin Badiola eta Nerea Aldai (EAJ). 
  • Kultura, Euskara eta Parte hartzea. Batzordeburua Aitor Larrañaga (EH Bildu) izango da. Gainerako kideak: Mikel Odriozola, Leire Sarasua (EH Bildu) eta Hegoa Larzabal eta Alexander Silva (EAJ).
  • Festak, Gazteria eta Hezkuntza. Batzordeburua Mikel Odriozola (EH Bildu) izango da. Gainerako kideak: Ander Larrañaga, Leire Sarasua (EH Bildu) eta Hegoa Larzabal eta Edurne Enparan (EAJ).
  • Gizarte beharrak eta Parekidetasuna. Batzordeburua Leire Goenaga (EH Bildu) izango da. Gainerako kideak: Idurre Zabaleta, Miren Arrieta (EH Bildu) eta Edurne Enparan eta Nerea Aldai (EAJ).
  • Kirolak. Batzordeburua Ion Oteiza (EH bildu) izango da. Gainerako kideak: Mikel Odriozola, Ander Larrañaga (EH Bildu) eta Jokin Badiola eta Antonio Gallarin (EAJ).
  • Ingurugiroa eta Auzoak. Batzordeburua Joanes Amenabar (EH Bildu) izango da. Gainerako kideak: Ander Larrañaga, Mikel Odriozola (EH Bildu) eta Antonio Gallarin eta Edurne Enparan (EAJ).

Erakundeetako ordezkariak

Hainbat dira Azpeitiko Udalaren menpeko erakundeak, eta horietan udal ordezkariek duten ordezkaritza ere zehaztu zuten atzoko udalbatzarrean. Honako hauek dira udalaren menpeko erakundeak: Urola Erdiko Mankomunitatea, Uema, Euskara Patronatua, Kirol Patronatua, Azpeitia Berritzen, Iraurgi Lantzen, San Martin Egoitza fundazioa, Burdinbidearen Euskal Museoa fundazioa, Urkome, Gipuzkoako Uren Kontsortzioa, Haurreskolen Partzuergoa eta Hezkuntza Kontseilua. 

Hona hemen erakundeetako ordezkariak: 

  • Urola Erdiko Mankomunitatea: Joanes Amenabar eta Nagore Alkorta (EH Bildu) eta Jabier Altuna (EAJ). 
  • Uema: Aitor Larrañaga, Mikel Odriozola, Ander Larrañaga (EH Bildu) eta Hegoa Larzabal eta Alexander Silva (EAJ). 
  • Euskara Patronatua: Batzordeburua Aitor Larrañaga izango da –alkateak 2023ko ekainaren 20ko ebazpenaren bidez eskuordetu dizkio batzordeburu lanak– eta horu zinegotzi izango dira batzordekide lanetan, hitza eta botoa izango dutenak: Ander Larrañaga eta Leire Sarasua (EH Bildu) eta Alexander Silva (EAJ).
  • Kirol Patronatua: Patronatuaren burua Mikel Odriozola izango da –alkatetzak 2023ko ekainaren 20ko ebazpen bidez eskuordetu dizkio patronatu buruko lanak–, eta beste bi zinegotzi izango ditu kide: Ion Oteiza (EH Bildu) eta Jokin Badiola (EAJ).   
  • Azpeitia Berritzen: Nagore Alkorta,  Leire Goenaga eta Mikel Odriozola (EH Bildu) eta Pello Elorza eta Jokin Badiola(EAJ). Elorzaren kasua berezia da, ez baita zinegotzia.
  • Iraurgi Berritzen: Nagore Alkorta eta Leire Goenaga (EH Bildu) eta Jabier Altuna (EAJ).
  • San Martin Egoitza fundazioa: Udaleko hiru ordezkari izango ditu. Nagore Alkorta alkatea izango da lehendakaria. Edurne Enparan Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen batzordeko ordezkaria eta Edurne Zubia Udaleko Gizarte Zerbitzuen Saileko arduradun teknikoa izango dira beste biak.
  • Burdinbidearen Euskal Museoa fundazioa: Nagore Alkorta (EH Bildu). 
  • Haurreskolen Partzuergoa: Leire Sarasua (EH Bildu).
  • Hezkuntza Kontseilua: Leire Sarasua (EH Bildu). 
  • Gipuzkoako Uren Kontsortzioa: Nagore Alkorta (EH Bildu).
  • Ingurumen Fundazioa: Joanes Amenabar, Leire Goenaga eta Mikel Odriozola (EH Bildu) eta Antonio Gallarin (EAJ). 

Liberazioak

Alkatearen eta EH Bilduren zinegotzien liberazioak zehaztu zituzten atzoko udalbatzarrean. Irailean zehaztuko dute EAJren bozeramaile Jabier Altunaren liberazio maila. Hark azaldu zuenez, lanbideak horrela baldintzatuta hartuko dute erabakia irailean. Horrenbestez, oraingoz, lau liberatu izango dira udalean, eta beste zinegotzi bat %50era liberatuko da. 

Hona hemen kargu liberatuen zerrenda eta haien ordainsarien zenbatekoa: 

- Nagore Alkorta alkatea % 100 liberatuko da, eta 55.000 euroko soldata gordina jasoko du urtean. Bere kargu-eginkizunak betetzeko 2023ko ekainaren 17tik aurrera da liberatua.

- Leire Goenaga, %100 liberatuko da, eta 43.000 euroko soldata gordina jasoko du. Honako hauek izango dira Goenagaren ardurak: Lehen alkateordea eta tokiko gobernu batzordeko kidea, Ogasuna, Barne antolaketa eta Langileria batzordeko lehendakaria, Gizarte beharrak eta Parekidetasuna batzordeko lehendakaria, Urkomeko udalaren ordezkaria eta Azpeitia Berritzeneko Kontseiluko kidea.

- Ander Larrañaga %100 liberatuko da, eta 36.000 euroko soldata gordina jasoko du. Honako hauek izango dira Larrañagaren ardurak: hirugarren alkateordea eta tokiko gobernu batzordeko kidea, Ekonomia, Merkataritza eta Turismoa batzordeko lehendakaria eta Uemako ordezkaria. 

- Mikel Odriozola %100 liberatuko da, eta 36.000 euroko soldata gordina jasoko du. Honako hauek izango dira Odriozolaren ardurak: Festak, Gazteria eta Hezkuntza batzordeko lehendakaria, Kirol Patronatuko lehendakari delegatua, Azpeitia Berritzeneko Kontseiluko kidea eta Ueman udalaren ordezkaria.  

- Joanes Amenabar %50 liberatuko da, eta 27.500 euroko soldata gordina jasoko du. Honako hauek izango dira Amenabarren ardurak; bigarren alkateordea eta tokiko gobernu batzordeko kidea, Ingurugiroa eta Auzoak batzordeko lehendakaria, Urola Erdiko Mankomunitatean Azpeitiko Udalaren ordezkaria eta Ingurugiro Fundazioan udalaren ordezkaria.  

Bestelako ordainsariak 

Batzorde berriemaile bakoitzaren buruak hilean 185 euro jasoko ditu, besteak beste, arloaren zuzendaritzagatik, bilerak antolatzeko proposamenagatik etbr. Batzorde berriemaileetako bileretara joateagatik, batzordeburuak 110 euro jasoko ditu bilera bakoitzeko. Batzordekide bakoitzak 60 euro jasoko ditu bilera bakoitzeko. 

Udalbatzaren bilkuretara eta gobernu batzordearen bilkuretara joateagatik zinegotzi bakoitzak 100 euro jasoko ditu bilkura bakoitzeko. Egun osorako edo egunaren parte batean dedikazioa duten zinegotziek ez dituzt orain hauek jasoko. 

Udaleko bi talde politikoek ere jasoko dituzte ordainsariak. Hain zuzen, talde politiko bakoitzak 550 euro jasoko du hilean. Era berean, taldeko zinegotzi bakoitzagatik 250 euro ordainduko zaio alderdiari hilero. 

Udaleko ardurei dagozkien bidaiak ere ordainduko zaizkie zinegotziei. Hain zuzen, autoz egindako kilometro bakoitzeko 0,29 euro ordainduko zaie. 

San Sebastian eguna, herriko jaiegun

2023-2027 agintaldiko antolaketari dagozkion erabakiak ez ezik, beste erabaki bat ere hartu zuten atzoko bilkuran. Hain zuzen, herriko jaieguna izendatu behar izan zuten. Udalbatzak aho batez onartu zuen datorren urtarrilaren 20a, San Sebastian eguna, jaiegun izendatzea; aurten ere hala izan da. Datorren urtean larunbatez izango da San Sebastian eguna, eta udaleko ordezkariek hala erabaita, jaieguna izango da Azpeitian.