Udal eta foru hauteskundeak 2023

Hunkituta eta "pozez, erantzukizunez eta arduraz" jaso du Nagore Alkortak aginte makila

Julene Frantzesena 2023ko eka. 17a, 13:25

Gaur eratu dute 2023-2027 agintaldirako Azpeitiko udalbatza. EH Bilduk hamar ordezkari izango ditu, eta EAJk, berriz, zazpi. Herri gisa jokatzeko eta lan egiteko eskua luzatu die Azpeitiko alkateak udaleko gainerako ordezkariei. Jabier Altuna EAJren bozeramaileak "errespetuzko oposizioa eta leiala" egingo dutela adierazi du.

Gaur, larunbata, ari dira Hego Euskal Herriko udalerrietan 2023-2027 agintaldirako udalbatzak osatzen eta alkateak izendatzen. Azpeitian ere gaur egin dute udalbatza eratzeko eta hautetsiek kargua hartzeko ekitaldia, 12:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian, eta bozen emaitzek udalaren eraketa zehaztuta utzi zutenez, ez da ezustekorik izan.

Aurreko agintaldian bezalatsu, EH Bilduko Nagore Alkorta izango da Azpeitiko alkatea datozen lau urteetan, eta udalbatza EH Bilduko hamar kidek eta EAJk zazpik osatuko dute. Horiek denek gaur hartu dute kargua. Ez ohiko udalbatzarrean izan dira hautetsi bat ez beste guztiak –EH Bilduko Miren Arrieta ez da ekitaldian izan–, eta legeak ezarritako prozedura jarraitu dute udalbatza eratzeko nahiz Alkorta alkate izendatzeko.

Udalbatza osatuko duten kide guztien banan-banan egin diote zin karguari, eta alkate izendatzeko bozketa egin dute segidan. Bozketa udalbatzako kide gazteenak eta zaharrenak gidatu dute, hau da, Jokin Badiolak (EAJ) eta Aitor Larrañagak (EH Bildu) hurrenez hurren, eta Alkortak bederatzi boto eta EAJk zazpi jaso dituzte. Horrenbestez, Alkortak Larrañagaren eskutik jaso du aginte makila –Azpeitiko kasuan, zumitz borobildua–, hunkituta eta udaletxeko aretoan elkartu diren herritarren txalo zaparrada artean.

Horrenbestez, datorren agintaldian honako kide hauek osatuko dute Azpeitiko udalbatza: EH Bilduko Nagore Alkortak, Leire Goenagak, Joanes Amenabarrek, Ander Larrañagak, Leire Sarasuak, Mikel Odriozolak, Idurre Zabaletak, Jon Oteizak, Aitor Larrañagak eta Miren Arrietan; eta EAJko Jabier Altunak, Nerea Aldaik, Antonio Gallarinek, Hegoa Larzabalek, Jokin Badiolak, Edurne Enparanek eta Alexander Silvak.

Herri gisa jokatzeko konpromisoa

Alkate kargua berretsi berritan, Nagore Alkortak hitza hartu du udaletxeko areto nagusian ziren hautetsien eta herritarren aurrean, eta hain zuzen ere, haiei denei eskerrak eman dizkie. "Lau urte pasatu dira Azpeitiko lehen emakume alkate izateko aukera eman zidatenetik, eta hemen gaude berriz". Alkate kargua, bigarrenez, "pozez, erantzukizunez eta arduraz" hartu duela adierazi du hark, eta azpeitiar guztiekin pentsatuta gobernatuko duela aurreratu ere bai. Izan ere, Alkortak esan duenez, herriaren erronka nagusien aurrean "herri gisa" jokatu behar dutela sinesten dute. "Azpeitiar guztientzat, eta batez ere, azpeitiar guztiekin gobernatu nahi dugu", erantsi du.

Gobernatzeko eran sakontzeko konpromisoa ere hartu du Azpeitiko alkateak, zaintza arloan lanean aritzen diren emakumeei erreferentzia eginda. Zehazki, gobernatzeko eran haiek duten "adorea, profesionaltasuna eta kemena" izan nahi lituzkeela adierazi du. "Askotan, gehiegitan, errekonozimendurik gabea da haien lana, baina emakume horiek duten eredua presente izango dut". Eredu horretatik abiatuta, "bizitza erdigunean" jartzea nahi duela esan du: "Azpeitira bizitzeko aukera berrien bila etorri ziren eta datozenen indarra eta ausardia nahi ditut, eta haien lanaren eta kulturaren bidez egiten diguten ekarpenaren eredua nigan egongo da".

Halaber, erronka berriei ekiterakoan, natur ingurunearekiko "babesa eta maitasuna" dituztenen kontzientzia presente izango duela azaldu du, eta kultura eta hizkuntza "maite, dinamizatu eta arnasberritzen" dituztenen ekina bere egin nahiko lukeela. "Oinarrizko beharren aurrean zaurgarrien diren azpeitiarrak –batez ere emakumeak–, aukera berriak sortzeko eta bide berriak bilatzeko ekintzailetasuna eta kemena duten azpeitiarrak eta lan eskuzabalarekin Azpeitia bizia posible egiten dute eralkateak, sareak eta kolektiboetan aritzen diren azpeitiarrak eguneroko lanean presente izango dituela ere esan du.

Herri gisa jokatzeko eta lan egiteko eskua luzatu die Azpeitiko alkateak udaleko gainerako ordezkariei, eta azpeitiarrei ere Azpeitiak epe laburrerako, ertainerako nahiz luzerako dituen erronkei herri gisa aurre egiteko deia egin die, "Azpeitia hobea, justuagoa eta bizigarriagoa egiten jarraitzeko". Alkortaren hitzetan, "ederra" da maite duzun herriaren ordezkaria izatea, eta "are ederragoa" aurretik aukera hori izan ez zuten emakumeen ordezkari izatea. "Ohorea da lau urte eta gero, berriro ere Azpeitiko alkate izatea eta Azpeititik mundu hobe baten alde lan egiteko aukera izatea".

Nagoreren hitzartzeari txaloka erantzun diote udaletxeko areto nagusian izan diren dozenaka herritarrek, eta segidan, Jabier Altuna EAJren zerrendaburuak eta hasi berri den agintaldian bozeramaile izango denak hartu du hitza. Hark herriak oposizioan jarri dituela esan du, eta oposizioa egingo dutela adierazi. "Hitz ematen dut errespetuzko oposizioa eta leiala egingo dugula. Baina guk programa bat daukagu, eta hori defendatuko dugu. Udal Gobernuaren proposamenak herriaren onerako direla uste dugunean, babestu egingo ditugu, eta bestela, oposizioa egingo duzu, esan bezala, leialtasunez eta errespetuz".