Udalaren antolaketa berriari buruzko udalbatzarra 17:30ean egingo dute

Julene Frantzesena 2023ko eka. 26a, 11:13
Udaletxea.

Ordu eta erdi aurreratu dute bilkura. Kargua hartu berri duten udal ordezkariek 2023-2027 agintaldirako hainbat erabaki hartuko dituzte gaurkoan.

Udalaren antolaketaz hitz egiteko plenoa ordu eta erdi aurreratu dute, eta beraz, gaur, astelehena, 17:30ean hasita egingo dute, udaletxeko areto nagusian.

Kargua hartu berri duten udal ordezkariek 2023-2027 agintaldirako hainbat erabaki hartuko dituzte gaurkoan. Hain zuzen ere, besteak beste, udalbatzarren maiztasuna, batzordeen eraketa, ordainsarien zehaztapena, Bozeramaileen Batzordea osatzea eta udalaren menpeko erakundeetarako ordezkariak izendatzea izango dituzte hizpide.

Honako hau da asteleheneko udalbatzarreko gai zerrenda:

1.- Udalbatzak 2023ko ekainaren 17an egindako bilkuraren akta onartzea.

2.- Udalbatza osoaren ohiko saioen aldizkakotasuna.

3.- Udal talde politikoen osaketaren, horietako kideen eta bozeramaileen berri ematea.

4.- Bozeramaileen Batzordea eratzea.

5.- Gobernu Batzarraren eraketaren, osaketaren eta alkateordeen izendapenen berri ematea.

6.- Informazio batzorde iraunkorrak.

7.- Erakundeetan ordezkariak izendatzea.

8.- Hautetsien arduraldi erabatekoaren nahiz partzialaren eta horien ordainsarien araubidea.

9.- Udalean duten karguan aritzeagatik, udalbatzako kideen eta udaleko talde politikoen ordainsariak eta kalteordainak.

10.- Alkatetzak emandako delegazio ebazpenak: 2023ko ekainaren 17ko ordezkaritza berezia, Kirol Patronatuaren lehendakaritzaren eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren ehendakaritzaren ordezkapena, herriko auzoetako ordezkapena, organoetan ordezkapenak.

11.- Udalbatzak Tokiko Gobernu Batzarrari bere eskumenak eskuordetzea.