Imanol Arregi 'Iturbide' pandero jotzailea hil da

Nerea Uranga 2023ko ira. 13a, 13:36

Imanol Arregi 'Iturbide', 2020ko martxoan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Pandero-jotzaile loiolatarra gaur hil da, 87 urterekin. Azken urteetan plazetan panderoa jotzeari utzita zegoen, baina bazkalondoren batean edo bestean jotzen zuen gero ere.

Pandero-jotzailea zela entzutea ez zitzaion gustatzen Imanol Arregi Iturbideri, baina mundua panderoak eman ziola aitortzen zuen. Loiolako Iturbide baserriko pandero-jotzailea gaur zendu da, 87 urterekin.

Plazaz plaza eta txapelketaz txapelketa urteetan ibili zen Euskal Herrian zein atzerrian. Eta berak aitortu bezala, trikitizalea, dantzazalea eta festazalea zen. Hain zuzen, 1974ean, 1975ean eta 1977an, Iñaki Garmendia Lajarekin batera hiru txapelketa irabazi zituen, eta 1985ean, Miren Etxaniz hernaniarrarekin. Zenbait disko ere kaleratu zituen: lehen grabaketa Enrike Zelaia soinu-jolearekin egin zuen 1972an, Euskalerriko Erromeria izenarekin. Bestalde, Trikilariak izeneko diskoan parte hartu zuen Lajarekin batera, baita Antonio Aranaga Auntxa soinu-jolearekin ere, Urrestillako Trikixa izeneko diskoan ere. 

Umore handiko pertsona zen, eta kontu-kontari aspaldiko kontuak gogora ekarriz solasean jardutea atsegin zuen Iturbidek.

Bizitzan gauza asko bezala bere kasa ikasitakoa zen panderoa jotzen, idazten eta dantzan. Hala kontatu zuen 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian.

2017ko azaroan, Iturbide, igitai jolea biografia liburu-diskoa aurkeztu zuen Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, Azpeitian. Amagoia Gurrutxaga Berriako kazetari eta idazleak jaso zuen Loiolako pandero-jotzailearen liburu horretan.

2005eko San Jose eguneko Trikiti Jaialdian, berriz, omenaldia egin zioten Iturbideri, Kepa Arrizabalagarekin batera. Garai hartan Hitzak egin zion elkarrizketa da honakoa.

Bere biografiaren aurkezpen ekitaldian, Azpeitiko udaletxean, hainbat trikitilari eta pandero jotzaile kiderekin batera panderoz jotzen ikus daiteke beheko bideotxoan Iturbide.

Beste bideo honetan, berriz, pare bat pasartetan panderoa jotzen ageri da berriro Iturbide, Erdikalean zein Basazabal jauregian. Joan den martxoan hartutako irudiak dira, Euskal Herriko Trikititxa Elkarteak Basazabalgo Trikitixaren ganbera erakusketa irekitzeko antolatu zuen ekitaldikoa.

 

"Trikitilarien managerra"

1935eko abenduaren 29an jaio zen Iturbide, Loiolako izen bereko baserrian. Pandero joleen tradizio handiko familian jaioa izanik, hark zioen oinordetzaz zetorkiola panderoa jotzea, Euskal Herriko Trikixa Elkarteak gogoratu duenez. Joan den mendeko 70eko hamarkadan "garrantzia handia" hartu zuen pandero joleak, eta Gurrutxagak Iturbide, igitai jolea liburuan jaso zuen moduan, "trikitilarien managerra" ere izan zen hura. "Iturbide hasi zen behetik kobratzeko joera hori aldatzen, Landakandaren esanetan: trikitilariak artista ginela esaten hasi zen hura, hala nabarmentzen zuen Sakabik".

Bestalde, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Gurrutxagak idatzitako biografiaren honako pasarte hau ekarri nahi izan du gogora:

"Urrestillan jendaurrean lehendabiziko aldiz jo eta gero, igitaiarekin jarduten nuen arbi sororako bidean, jaiko pieza buruan nuela. Horrek ez dauka, baina, inolako meriturik.

Igitaiak oso terreno txikia zeukan, eta baliteke nire pandero jotzeak, tarte txikian soinu ugari ateratzeko gaitasunak, zerikusia izatea horrekin. Nik, izan ere, ez dut mugimendua eskumuturretik egiten hatzekin baizik.

Eta haize pixak bat sartu zitzaidanez, hurrengo, Nuarbeko Trinidade festetara joan nintzen. Osintxuar bat joaten zen hara piano soinuarekin, Periko zuen izen, eta, igitaiarekin entsaiatu ondoren, hurbildu nintzen. Soinujoleek be eramaten zuten pandero bat lagun egun ziezaien, eta han ere eskaini zidaten. Nik jo egin nuen".

Erreakzioak

Iturbideren heriotzaren albistea azkar zabaldu da sare sozialetan ere, eta hainbat erreakzio sortu ditu: