Trikitilarien babesean eta trikiti doinuen artean zabaldu dute 'Trikitixaren ganbara' erakusketa

Ihintza Elustondo 2023ko mar. 11a, 15:00

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Basazabal jauregian duen bulegoan Trikitixaren ganbara erakusketa zabaldu dute. Trikitiaren historia bildu dute bertan, hainbat euskarriren bidez. Erakundeetako ordezkariak nahiz trikiti munduko aurpegi ezagun ugari bertaratu dira inaugurazio ekitaldira. Ez da falta izan trikiti doinurik.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Basazabal jauregian duen bulegoan Trikitixaren ganbara izeneko "erakusketa historikoa" zabaldu du gaur. Eguerdian egin dute inaugurazio ekitaldia, eta trikiti munduko aurpegi ezagun ugari bertaratu da ekitaldira. Gaurko hitzorduak eskatzen zuen moduan, gainera, trikiti doinuen artean alaitu dute inaugurazio ospakizuna.

11:30ean elkartu dira erakundeetako ordezkariak nahiz trikitilariak Sanagustin kulturgunean. Handik kalejiran joan dira Alde Zaharrean barrena, Faustino Azpiazu Sakabi zenaren etxe parera iritsi arte. Han Azpeitia izeneko fandangoa jo dute guztiek elkarrekin, Sakabi zenaren senitartekoak bertan zirela. Ondoren, kalejiran, Enparan kalean barrena, Basazabal jauregiraino iritsi dira, eta han egin dute erausketaren inaugurazioa.

Andoitz Antzizar Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko idazkariak aurkeztu du ekitaldia. Lehenik, Agurtzane Elustondo elkarteko presidenteak hartu du hitza. Hark nabarmendu du trikitiaren "transmisioa bermatzea" dela elkartearen zutabe nagusia, eta horretarako, hainbat egitasmo garatu dituztela azken urteotan. Hain justu, horietako bat da gaur zabaldu duten erakusketa, "trikitiaren historiaren transmisioan katebegi bat gehiago". Erakusketak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du Elustondok: "Euskal Herriko Trikitixa Elkartea 1991an abiatu zen ofizialki, eta, hastapenetik hasita, trikitiari eskainitako museo edo interpretazio gune bat osatzea oinarrizko helburuetako bat izan da, baita partaide guztion ametsa ere. Orain arte utopia baten moduan ikusi izan dugu, eta ametsa zena gaur errealitate bilakatu dela esan dezakegu".

Trikitiaren historia, jasota

Trikitiaren historia bildu dute erakusketan, hainbat euskarritan: azalpen panelak daude, testu zaharrak, trikitiaren erreferentzia zaharrenak, argazkiak, soinuak, panderoak... Erakusketa posible egiteko Azpeitiko Udalak, bestelako erakundeek eta trikitiaren komunitateak emandako laguntza eskertu nahi izan du Elustondok. Era berean, erakusketaren "arima" nor izan den aipatu nahi izan du: Haritz Garmendia. Txalo zaparrada luzea eskaini diote hari bertaratu direnek, egindako lana eskertzeko. Era berean, Ibon Errazuk egindako lana ere aitortu nahi izan du Elustondok, baita Joseba Tapiarena ere.

Jarraian, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hitz egin du. Hark nabarmendu du Azpeitiko Udalak Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin urteak daramatzala elkarlanean, eta erakusketa elkarlan horren emaitza dela esan du. Pozik agertu da alkatea aretoa leporaino bete delako eta horrek trikitiak bailaran duen indarra erakusten duelako. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Azpeitian du egoitza, eta orain erakusketa inauguratzea "ohore" bat izan da harentzat. "Hasiera bat da hau. Espero dugu elkartearen eta udalaren arteko harremanak aurrera jarraituko duela", adierazi du.

Ondoren, Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak hartu du hitza, eta hunkituta agertu da. "Bailara hau trikitiaren sehaska da, eta kultur ekosistema osatzera dator pieza hau", esan du. Hark uste du ekarpen handia egin dezakeela erakusketak: "Nola garen eta zergatik garen erakusten du". Era berean, trikitiak euskarari egin dion ekarpenean egin nahi izan du azpimarra: "Beti eta erabat gure hizkuntzari lotutako jarduna izan da trikitiarena". Erakusketaren atzean, boluntario askoren lana dagoela nabarmendu du Albizuk, eta eskerrak eman dizkiei haietako bakoitzari: "Trikitiaren eta hizkuntzaren zati handi bat galduko litzateke zuen lanik gabe".

Azkenik, Joseba Tapia trikitilariak Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen ibilbidearen errepasoa egin du, kontakizuna publikoan ziren hainbat lagunen testigantzarekin osatuz. Besteak beste, Joxemari Iriondok hitz egin du.

Amaitzeko, pare bat pieza jo dituzte bertaratu diren hainbat trikitilarik, eta hala, musika doinuen artean agurtu dute ekitaldia.

Bisitatzeko, hitzordua

Erakusketa bisitatu nahi dutenek aurrez hartu behar dute hitzordua, 943-83 28 28 telefonora deituta edo trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatzita.