Jon Alonso: "12 eta 16 urte artekoen %40k jasan du ziberjazarpenen bat"

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 11a, 10:25
Jon Alonso. (Mailo Oiarzabal)

Nerabeei eta gurasoei "Interneten seguru nabigatzen" erakustea xede duen Ikasiz eragin proiektuarekin irabazi du azpeitiarrak, ikaskide batekin, II. Hackathon lehiaketa.

Ekintzailetza sustatzeko eta telekomunikazioen sektorean erronkak identifikatzeko proiektuak saritzen dituen Hackathon lehiaketaren irabazleetako bat da Jon Alonso (Azpeitia, 2003). Urola bailarako ikastetxeetan jarri nahi dute martxan proiektu sariduna.

II. Hackathon lehiaketa irabazi duzu Javier Etxarri ikaskidearekin batera. Zer zenekiten lehiaketaz? Espero al zenuten irabaztea?

Leinn graduko ikasleak gara Mondragon Unibertsitatean, bigarren urtekoak. Gradu horretan, lehen urtean enpresa txikiak jartzen ditugu martxan, eta Javierrek eta nik elkarrekin egin genuen hori iaz. Hain justu, urte bat zaharragoak diren gure ikaskideek irabazi zuten Guuk-ek antolatutako lehiaketaren lehen edizioa, eta horregatik ezagutzen genuen lehiaketa. Aurten geuk parte hartzeko aukera ikusi, eta aurkeztea erabaki genuen. Costa Rican harrapatu gintuen deialdiak, eta azken hiru egunetan egin genuen dena. Aste Santuaren aurretik jakin genuen finalera pasatu ginela [beste sei proiekturekin batera]; nahikoa denbora genuela pentsatu genuen, baina azken astean prestatu genuen dena, finaleko aurkezpena eta. Lehiaketa irabazi dugu, eta orain proiektuari forma ematea tokatzen zaigu.

Ziberjazarpenari aurre egiteko eta zibersegurtasunean trebatzen laguntzeko proiektu batekin irabazi duzue saria.

Proiektuan zer gairi eutsi erabakitzeko, hainbat ideia eta aukera aztertu genituen. Zibersegurtasunaren aukera mahai gainean jarri genuenean, bagenekien datuen lapurretekin-eta lotutako delituak zeudela, baina datu horiek aztertzen hasi ginenean, EHUko Psikologia sailaren txosten batekin egin genuen topo; azterlan horren arabera, Euskal Herrian 12 eta 16 urte bitartekoen %40k jasan du ziberjazarpen motaren bat. Zur eta lur gelditu ginen kopuru horren aurrean. Adin tarte horretan 140.000 lagun zeudela zioen txostenak, baina jarri gutxiago direla, 100.000, esaterako; ba 40.000 nerabe lirateke arazo hori izan dutenak. Arazo potoloa da, beraz, eta horri heltzea pentsatu genuen.

Bereziki nerabeen gurasoei zuzenduta sortu duzue Ikasiz eragin, eta teknologia berriak baliatu nahi dituzue proiektuaren helburuak lortzeko. Zergatik?

Gurasoei zuzendutako proiektua da, bai, baina baita horien seme-alaba nerabeei ere. Batzuek zein besteek sare sozialak ondo erabiltzen, ziberjazarpena identifikatzen eta saihesten zein Interneten seguru nabigatzen ikastea nahi dugu; formazio saioak prestatuko ditugu, teknologia berriak eta praktika berritzaileak erabilita. Scape room formatuaren antzeko zerbait darabilkigu buruan, baina oraindik goizegi da proiektuak zer forma hartuko duen esateko. Izan ere, oraintxe ari gara forma ematen, lehiaketaren antolatzaileen laguntzarekin. Irailerako proiektu pilotua prest izatea espero dugu.

Sakelakoaren erabileraz hausnartzen hasiak dira Azpeitian, gurasoen eta ikastetxeen kezkatik abiatuta. Zuenak ba al du zerikusirik horrekin?

Hain zuzen ere, gure asmoa da proiektuaren lehen urratsak Urola bailarako ikastetxeetan egitea. Iraurgi Berritzenera jo genuen, eta han esan ziguten Azpeitiko ikastetxeetako guraso elkarteak bat eginda hasi direla gai hori jorratzen. Guk ere guraso elkarteekin eta ikastetxeekin egon nahi dugu, gure asmoak azaltzeko, baina bereziki haien kezkak eta beharrak ezagutzeko; horrek lagundu egingo digu proiektua osatzen, eta gurasoen eta nerabeen beharretara moldatzen.

Eperik ba al duzue?

Gure ikasketa prozesuarekin guztiz bat dator proiektu hau egitea. Momentuz, behintzat, ez daukagu presarik, baina irail-urrirako prestatu nahi dugu. Oso eskertuta gaude bai Guuk-ek, bai Berri Up-ek orain arte emandako laguntzarekin, eta aurrerantzean ere ondoan izango ditugu.