II. Hackathon lehiaketa irabazi du Jon Alonsok

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 25a, 10:52
Lehiaketaren irabazleak eta antolatzaileak, sariak banatu ondoren. Argazkian, eskuinetik hasita aurrena da Jon Alonso. (Guuk)

Javier Etxarri MUko ikaskidearekin batera aurkeztutako proiektu batekin lortu du saria azpeitiarrak. Ziberjazarpenari aurre egiteko eta zibersegurtasunean trebatzeko eta kontzientziatzeko proiektua da Guuk konpainiak antolatutako lehiaketa irabazi duena.

Jon Alonso azpeitiarrak eta Javier Etxarri haren ikaskideak irabazi dute Guuk telekomunikazio konpainiaren II. Hackathon lehiaketa. Antolatzaileek martxoan bidali zuten lehiaketan parte hartzeko deialdia; Lanbide Heziketako, EHUko, Deustuko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Bilboko Merkataritza Ganberako 40 ikastetxetako ikasleek izan dute proiektuak aurkezteko aukera. Joan den ostiralean, apirilaren 21ean, egin zuten finala Bilboko BAT eraikinean; lehiaketaren zazpi finalistek beren proiektuak aurkeztu eta defendatu zituzten han epaimahaikideen aurrean, eta Alonsok eta Etxarrik aurkeztutakoarentzat izan zen lehiaketaren sari nagusia. Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko ikasleak dira Alonso eta Etxarri.

"Euskadiko ekosistema ekintzailea bultzatzeko eta Guuk-ek euskal telekomunikazioen sektorean identifikatutako erronkei erantzun berritzaileak aurkitzeko asmoarekin" antolatu du telekomunikazio enpresak Hackathon lehiaketaren bigarren edizioa. Ikasiz eragin da lehiaketa irabazi duen proiektuaren izena. Ziberjazarpenari aurre egiteko eta zibersegurtasunean trebatzeko eta kontzientziatzeko proiektua da Alonsok eta Etxarrik egin dutena. "Proiektuaren helburua ziberjazarpenean eta zibersegurtasunean prestatzea eta kontzientziatzea da, sortzen ari diren teknologien bidez, hala nola errealitate birtuala edota adimen artifiziala, eta hori guztia scape room bezalako formatu ludikoak erabiliz", azaldu dute antolatzaileek. 12 eta 16 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendutako proiektua litzateke, eta horiengana iristeko eskolak, udalak eta gizarte etxeak erabili nahi dituzte.

II. Hackathoia irabazi duen proietua gauzatzeko laguntza jasoko dute Alonsok eta Etxarrik; Guukek proiektu irabazlearen "mentore" lanak egingo ditu, eta irabazleek BerriUp startup azeleratzailearen –lehiaketaren babeslea– trebakuntza programa batean parte hartuko dute aurten.