Xabier Gantzarain: "Adimen artifiziala alderdi askotatik aztertu nahi dugu"

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 2a, 09:47
Xabier Gantzarain Kulturaz kooperatibako kidea saria jasotzen. (Elhuyar)

Kulturaz kooperatibaren Ia dena egitasmoak CAF-Elhuyarren Zientzia Gizartean sorkuntza beka eskuratu du. Horri esker, ekainaren 17rako adimen artifizialaren inguruko jardunaldi bat prestatzen ari dira.

Kultura zientifikoa sustatzea helburu duten CAF-Elhuyar sariak banatu zituzten joan den asteazkenean, Begiratu urrunera lelopean Usurbilgo Sutegi aretoan (Gipuzkoa) egindako ekitaldian. Hainbat kategoriatan bereizita banatu zituzten sariak, eta Azpeitiko proiektu bat dago sarituen artean. Hain zuzen ere, Kulturaz kooperatibak aurkeztutako Ia dena lana izan da Zientzia Gizartean sorkuntza beka eskuratu duenetako bat.

Adimen artifizialaren ertzak esploratzeko helburua du Kulturazen Ia dena egitasmoak, eta horixe egingo dute ekainaren 17an, CAF-Elhuyarrek emandako sariari esker prestatzen ari diren jardunaldian. "Egun bat eta leku bat jarrita, jendeari adimen artifizialaz hitz egiteko eta pentsatzeko aukera eman nahi diogu; adimen artifizialak zer ekar dezakeen, nola alda dezakeen gure eguneroko bizimodua... Hizkuntza zientifiko eta teknologikorik erabili gabe egin nahi dugu hori, denok ulertzeko moduan. Horregatik, jardunaldi erabat irekia izango da, gaiaz interesa eta jakinmina duen edonorentzat", azaldu du Xabier Gantzarain Kulturazeko kideak.

Udazkenean hasi ziren Kulturazeko kideak adimen artifizialaren inguruko albisteei arreta jartzen. "Albisteak han eta hemen ateratzen hasi zirenean, gaiaz gehiago jakiteko eta gaiaren inguruan ikertzeko gogoa piztu zitzaigun", adierazi du Gantzarainek. "Gure galdera izan zen adimen artifizialak sorkuntzari zer ekar diezaiokeen. Izan ere, hasiera batean uste zen adimen artifizialak batez ere automatizatutako lanak eta lan astunak egiteko balioko zuela, baina azkenaldian ikusten ari garena justu kontrakoa da, adimen artifizialak sorkuntza lanak egin ditzakeela lasai asko. Adibidez, adimen artifiziala kapaz da gai jakin bati buruzko ipuin bat idazteko edo kapaz da guk zehaztuko ezaugarri guztiak beteko dituen irudi bat sortzeko. Pentsa horrek zer aldaketa ekar ditzakeen irudiaren eta soinuaren esparruetan eta beste hainbatetan».

Azken hilabeteetan, gainera, "dena azkartu" egin dela nabarmendu du Gantzarainek. "Gaiaz interesatzen hasi ginenetik hona gauza pila bat gertatu dira. Esate baterako, AEBetako eskoletan debekatu egin dute adimen artifizialean oinarritutako ChatGPT sistema erabiltzea; hainbat lagunek eskatu dute adimen artifizialaren garapena sei hilabetez geldiarazteko; geroz eta gehiago dira adimen artifizialaren kontu hau era batera edo bestera arautu egin behar dela diotenak; eta abar. Honetan ere, beste gai askotan bezala, askotariko ikuspegiak egongo dira: batzuek, ikuspegi oso katastrofista izango dute; beste batzuek, tresna erabilgarria izan daitekeela usteko dute. Kontua da adimen artifiziala errealitate bat dela, gure artean dagoela, eta horregatik, une ezin aproposagoa iruditzen zaigu gaiaz hitz egiteko eta hausnartzeko".

Jardunaldi horien abiapuntua adimen artifizialak sorkuntzan izan dezakeen eragina aztertzea izango den arren, Kulturazeko kideek aukera baliatu nahi lukete bizitzako gainontzeko esparruetan izan dezakeen eragina aztertzeko ere. "Ez bakarrik artista batentzat zer izan daitekeen adimen artifiziala, baizik eta adimen artifiziala alderdi askotatik aztertu nahi dugu, jakin filosofoek zer pentsatzen duten, artistek zer pentsatzen dute, soziologoek, politikariek...", esan du Gantzarainek. Eta horrez gain, adimen artifizialari lotutako beste hainbat kontutan ere jarri nahi lukete arreta: "Adimen artifizalaren oraingo boom hau ez litzateke posible izango aurretik egon den garapen teknologikorik gabe, eta horretan ere arreta jarri behar dela uste dugu. Hau ez da bat-batean azaldu den txanpinoi bat, baizik eta da garapen baten ondorio bat, eta beste gauza askoren artean planteatzen duguna da adimen artifizialak nola aldatuko duen gure iruditeria. Ez bakarrik adimen artifizialarekin zer irudi sor daitezkeen, baizik eta adimen artifizialak nola alda dezakeen arteaz, bizitzaz, etorkizunaz eta abarrez dugun ikuspegia".

Horiez eta adimen artifizialari lotutako beste hamaika kontutaz jardungo dute ekainaren 17an, Azpeitian egingo duten Ia dena jardunaldian. Xehetasunak aurrerago jakinaraziko dituztela esan du Gantzarainek, baina dagoeneko baieztatu Jon Sanchez donostiarrak parte hartuko duela, Semiosi-genesi proiektuarekin. Hain zuzen ere, Zientzia Gizartean sorkuntza beka Sanchezi eta Kulturazi erdi bana eman die CAF-Elhuyar sariketako epaimahaiak. Epaimahaiaren esanetan, bi lan horiek "adimen artifizialaren ertzak esploratzen" dituzte, eta "erabateko gaurkotasuna duen gai bati" heldu diote, hainbat alderdi uztartuta: "artistikoa, filosofikoa, soziala eta teknologikoa". Bi proiektuak "osagarriak eta bateragarriak" dira epaimahaikideen ustez; hori da beka biei ematearen arrazoia. Zientzia eta gizartearen arteko zubi lana egiten duten proiektuak bultzatzeko ematen dute sari hori, 5.000 euroko dirulaguntzarekin batera.