CAF-Elhuyar sarietan sorkuntza beka eskuratu du Kulturaz kooperatibak

Ihintza Elustondo 2023ko api. 26a, 19:15

Xabier Gantzarain Kulturaz kooperatibako kidea saria jasotzen. (Elhuyar)

CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte gaur, eta Kulturaz kooperatibak aurkeztutako Ia dena lana izan da Zientzia Gizartean sorkuntza beka eskuratu duen proiektuetako bat. Zientziaren eta gizartearen arteko zubi lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz banatzen dute laguntza hori. Epaimahaiaren arabera, "adimen artifizialaren ertzak esploratzen" ditu Kulturazen egitasmoak.

Kultura zientifikoa sustatzea helburu duten CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte gaur, Begiratu urrunera lelopean Usurbilgo Sutegi aretoan (Gipuzkoa) egindako ekitaldian. Hainbat kategoriatan bereizita banatu dituzte sariak, eta Azpeitiko proiektu bat dago sarituen artean; hain zuzen ere, Kulturaz kooperatibak aurkeztutako Ia dena lana izan da Zientzia Gizartean sorkuntza beka eskuratu duenetako bat; bi proiekturen artean banatu dute aurtengoan saria.

Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta Neikerren babesarekin. Helburua da zientziaren eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea. Edizio honetan, 41 lan jaso dituzte, eta epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute: Judith Zubiak irabazi du dibulgazio orokorreko saria; Mattin Urbietak egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluaren saria; Iñaki Sanzek zientzia kazetaritza kategoriako saria; eta Aitor Garmendiak lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker saria. Saridun guztiek 2.000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.

Sari horiez gain, 5.000 euroko dirulaguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, bi proiektuk jaso dute sorkuntza beka, epaimahaiak beka ex aequo ematea erabaki baitu. Arlo horretan, Azpeitiko Kulturaz kooperatibaren Ia dena lana saritzeaz gain, Jon Sanchez donostiarraren Semiosi-genesi lana ere saritu dute.

Epaimahaiaren esanetan, bi lan horiek "adimen artifizialaren ertzak esploratzen" dituzte, eta "erabateko gaurkotasuna duen gai bati" heldu diote, hainbat alderdi uztartuta: "artistikoa, filosofikoa, soziala eta teknologikoa". Bi proiektuak "osagarriak eta bateragarriak" dira epaimahaikideen ustez; hori da beka biei ematearen arrazoia.

Bestalde, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu saria ematen du, euskararen normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea helburu izanik. Aurten, Jacinto Iturbek jaso du aitortza hori, "euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik".

Leloa eta epaimahaia

Aurtengo CAF-Elhuyar sarietako leloa Begiratu urrunera da, eta mezu hori Isaac Newtonen esaldi honi lotuta dago: "Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da". Hain zuzen ere, sarien sustatzaileen arabera, hori da "ezagutza zientifikoaren muina": "Hutsetik sortzen duen jenioaren estereotipoa alde batera utzita, aurrekoek egindakoaren talaiatik aurrera begiratzen dute ikertzaileek, urrunera, aurkikuntza berriak egiteko".

Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira dibulgazio artikuluak eta kazetaritza lanak epaitu dituztenak: Arturo Elosegi ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte kimikaria eta EHUko ikertzailea, Alberto Barandiaran kazetari eta idazlea eta Aitziber Agirre Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arlo arduraduna. Neiker sariaren irabazlea, berriz, hauek aukeratu dute: Arantza Madariaga Elika Fundazioko zuzendaria, Pilar Santamaria Hazi Fundazioko arloko burua eta Rikardo Bueno BRTAko zuzendaria. Zientzia Gizartean sorkuntza bekara aurkeztutako proiektuak honako hauek epaitu dituzte: Lorea Agirre Jakin Fundazioko zuzendaria, Koldo Almandoz zinema zuzendaria, Josu Rekalde EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna eta Irune Bengoetxea Elhuyarreko komunikazio arduraduna.