Udal eta foru hauteskundeak 2023

Elkarrekin Podemosen koalizioak eta PPk ere hautagaitza aurkeztuko dute Azpeitiko Udalerako

Nerea Uranga 2023ko api. 25a, 15:03
Azpeitiko udaletxea.

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Azpeitiko Udalerako hautagaitza aurkeztuko dutela aurreratu dute. Biek ala biek azken udal hauteskundeetan, 2019koetan, ez zuten hautagaitzarik aurkeztu Azpeitian.

Gaur bukatzen da maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautagai zerrendak erregistratzeko epea. Gaur jakinarazi du Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Alianza Verde koalizioak aurreneko aldiz hautagaitza aurkeztuko duela udal hauteskundeetan Azpeitian. Hori jakinaraziz oharra kaleratu du koalizioak, baina ez du jakinarazi hautes zerrenda. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tokiko hauteskundeetarako 52 zerrenda erregistratu dituela adierazi du koalizioak, "2019an baino hamalau hautagaitza gehiago". 21 udalerritan, berriz, aurrenekoz aurkeztuko da; adibidez, Azpeitian.

PP, azkenengoz 2015ean

PPk ere hautagaitza aurkeztuko du Azpeitian datozen udal hauteskundeetarako. Popularren kasuan, 2019ko udal bozetan ez zuten hautagairik aurkeztu; bai, ordea, 1995etik 2015era artean egindako sei udal hauteskundeetan. 2003an zinegotzi bat lortu zuen, Habea ezker abertzaleko hautesle elkartea Espainiako auzitegiek baliogabe jo zutelako. Orduko hartan, Francisco Javier Piñeiro aurkeztu zuen PPk zerrendaburu, baina haren tokian Julia Tercerok hartu zuen zinegotzi kargua –udal hauteskundeetako Azpeitiko hautagai zerrendan ere ez zegoen Tercero–.

Egun Udalbatza osatzen duten EH Bilduk eta EAJk alkategaiak jakinarazita dituzte. EH Bilduk Nagore Alkorta aurkeztu du alkategai eta hautagai zerrenda apirilaren 4an aurkeztu zuen. EAJk, berriz, Jabier Altuna aurkeztu du alkategai, eta ostegunean aurkeztuko du udal bozetarako hautagai zerrenda.