Datozen hilabeteetan ere irekita jarraituko du kiroldegiko haurrentzako jolasguneak

Julene Frantzesena 2023ko mar. 24a, 09:28
Bi zinegotzi kiroldegiko jolasgunean.

0 eta 8 urteko haurrek psikomotrizitatea lantzeko eta familiarekin han jolasteko aukera izango dute. Larunbatetan eta igandeetan izango da irekita, 11:00etatik 19:30era. Jaiegunetan, Aste Santuan eta Pazko Astean ere zabalduko dute. Udalak erabaki du gunea irekita mantentzea, izan duen "harrera ona eta erabilera egokia" kontuan hartuta.

Kiroldegian haur txikientzako eta haien familientzako jolasgunea egokitu zuen Azpeitiko Udalak abenduan, eta orduan jakinarazi zutenez, martxoaren bukaerara arte irekita izatea aurreikusten zutela adierazi zuten orduan udal ordezkariek. Dena den, guneak izan duen "harrera ona eta erabilera egokia" kontuan hartuta, datozen hilabeteetan ere zabalik izango da jolasgunea. Hala erabaki du erakundeak, eta erabileraren arabera, hainbat egokitzapen egingo ditu eremuaren ordutegian.

Horrenbestez, datozen hilabeteetan ere, asteburuetan irekita izango da kiroldegiko jolasgunea. 0 eta 8 urteko haurrek psikomotrizitatea lantzeko eta familiarekin han jolasteko aukera izango dute. Larunbatetan eta igandeetan izango da irekita, 11:00etatik 19:30era. Jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 12:30era zabalduko dute, Aste Santuan kiroldegiaren ordutegian eta Pazko Astean 11:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 19:30era. Ostiraletan ez dute irekiko gunea, orain arteko erabilera txikia izan delako.

Askotariko materiala jarri dute umeen eta familien eskura kiroldegian, eta udalak azaldu duenez, horien erabilera "oso egokia" izan da orain arte. Are gehiago, abendutik hona jolasgunera 295 familia eta 523 erabiltzaile joan direla jakinarazi du. Gainera, herritarrek egindako eskaerei erantzunez, zerbitzua hobetzeko hainbat ekintza egin dituela azaldu du udalak. "Besteak beste, material gehiago erosi da, eta haurren eta helduen erosotasunerako, komunetan haur txikiei fardelak aldatzeko gunea jarri da".