8 urtera arteko haurrentzako jolasgunea egokitu dute kiroldegian

Julene Frantzesena 2022ko abe. 16a, 09:33
Leire Goenaga eta Egoitz Arruti zinegotziak kiroldegiko jolastokian. (Azpeitiko Udala)

Gaurtik martxora bitartean, asteburuetan eta jaiegunetan, estalitako jolastoki bat izango dute erabilgarri 0 eta 8 urte bitarteko haurrek nahiz haien senideek. Jolasteko ez ezik, psikomotrizitatea lantzeko aukera ere izango dute haurrek eremu horretan

Azpeitiko Udalak haur txikientzako eta haien familientzako jolasgunea egokitu du kiroldegian. Gaurtik martxora bitartean, asteburuetan eta jaiegunetan, estalitako jolastoki bat izango dute erabilgarri 0 eta 8 urte bitarteko haurrek nahiz haien senideek. Jolasteko ez ezik, psikomotrizitatea lantzeko aukera ere izango dute haurrek eremu horretan; izan ere, askotariko elementuak jarri dituzte.

Ostiral arratsaldeetan 17:00etatik 19:00etara izango da eremua zabalik, eta larunbatetan eta igandeetan, berriz, 11:00etatik 19:00etara. Gabonen bueltan –abenduaren 16tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra– 11:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 19:00etara irekiko dute. Kirol Patronatuko bazkideek doan sartu ahal izango dute jolasgunera, eta gainerako herritarrek bi euro ordaindu beharko dute. Sarreran erregistratu egin beharko da eremura sartu ahal izateko –datuok gunearen balorazioa egiteko soilik erabiliko dituztela adierazi du udalak–, eta pertsona kopuruari muga ere jarri diote.

Gunean ez da hezitzailerik edo zaintzailerik izango, eta beraz, haurrek guraso edo arduradun batekin joan beharko dute hara. Gainera, heldu bakoitzeko, gehienez, lau haur sartu ahal izango dira jolasgunera. Hainbat arau ere jarri ditu erakundeak; besteak beste, jolas eremuan ezingo da ez jan, ez edan, eta erabiltzaileen ardura izango da materialaren erabilera egokia bermatzea, horiek erabili ondoren gordetzea eta eremua garbi mantentzea.

Beste gune bat aurki

Gaur-gaurkoz, 8 urtera arteko haurrentzako gunea egokitu dute, baina udalak adierazi duenez, aurki 8 urtetik gorako haurrentzako jolaserako beste eremu bat martxan jartzea aurreikusten dute. "Haurren Kontseiluaren baitan, gaztetxoek ere adierazi ziguten elkarrekin egoteko eta jolasteko gune baten beharra zutela, eta eskariari erantzuna emango diogu laster". 

Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, "behar bati erantzuteko" egokitu dute kiroldegiko gunea: "Herrian haurrekin goxo egoteko gune estalien falta nabaria da negu partean, eta hutsune horri erantzuteko asmoz egokitu dugu eremua".  Egoitz Arruti Kirol batzordeburua ere "gustura" agertu da kiroldegiko zerbitzu berriarekin: "Udal azpiegiturak denontzako dira, eta guztiok aberasten gaitu horrelako erabilera emateak, Kiroldegiari erabilera ezberdinak ematea eta zerbitzu berriak eskaintzea positiboa da".