Piaspe proiektu eolikoa

Zentral eolikoen kontra dauden hainbat eragilek 101 Arrazoi egitasmoa jarri dute martxan

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 10a, 11:00
101 Arrazoi egitasmoa antolatu dute eragileen ordezkariak.

Bihar hasi eta maiatzaren 4ra bitartean, hiru hitzaldi eta hiru mendi martxa antolatu dituzte, Urola bailaran ezarri nahi dituzten zentral eolikoak zergatik eraiki behar ez diren herritarrei azaltzeko. Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkuna, Azpeitiko Sokaitz eskalatzaile taldea, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkuna, Zestoako Agiro Mendi Kluba, Oletan ere ez! taldea eta Sañu Bizirik! taldea dira antolatzaileak.

Urola bailaran ezarri nahi dituzten zentral eolikoak zergatik eraiki behar ez diren herritarrei azaltzeko, 101 Arrazoi egitasmoa jarri dute martxan hainbat eragilek elkarlanean; hain zuzen ere, Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunak, Azpeitiko Sokaitz eskalatzaile taldeak, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak, Zestoako Agiro Mendi Klubak, Oletan ere ez! taldeak eta Sañu Bizirik! taldeak. Egitasmo horren barruan, oraingoz, hiru hitzaldi eta hiru mendi martxa iragarri dituzte, baina, "kontuak luze joko duenez", gehiago ere etorriko direla aurreratu dute.

Jarduera guztiak helburu berarekin antolatu dituztela adierazi dute: "Inolako interes milioidunik gabeko adituen eskutik informazio objektibo bat ematea, herritarrek arazoaren muina ongi ezagutu dezaten eta krisi energetikoari aurrez aurre begiratzeko aukera izan dezaten". Horrez gain, "horrelako mega proiektuek ingurumenean, elikadura burujabetzan eta ondare arkeologikoan eragiten dituzten kalteen berri" eman nahi dutela ere azaldu dute.

Lehendabiziko hitzaldia bihar, hilak 11, izango da, Azkoitian, eta maiatzaren 4ra bitartean, beste bost jarduera antolatu dituzte. Hona hemen egitaraua:

  • Urtarrilak 11, asteazkena: Analisis critica de la transicion energetica hitzaldia emango du Alvaro Campos Ingeniaritza Teknikoan doktoreak eta EHUko ikertzaile eta irakasleak. Azkoitiko Elkargunean izango da saioa, 19:00tan hasita.
  • Urtarrilak 22, igandea: Oletara mendi martxa eta estazio megalitikoan bisita gidatua.
  • Otsailak 16, osteguna: Krisi energetikoa eta aterabide arduratsuak hitzaldia Oier Etxeberria Goienerreko energia komunitateen sustatzailearen eta Aitziber Sarobe Biologian doktore eta Mondragon Unibertsitateko irakaslearen eskutik. Azpeitiko Soreasu antzokian izango da saioa, 19:00tan hasita.
  • Martxoak 12, igandea: mendi martxa Sañoara. 11:00tan Sañoan egotea aurreikusten dute.
  • Apirilak 23, igandea: Elgeako zentral eolikora irteera, 08:00tan Azpeitiko anbulatorio aurretik abiatuta.
  • Maiatzak 4, osteguna: Crisis energetica y de materiales hitzaldia emango dute Antonio Turiel CSIC-eko zientzialariak eta Antonio Aretxabala geologia ikertzailea. Azpeitiko Soreasu antzokian izango da saioa, 19:00tan hasita.