Ekindarreko bazkideen lehen batzarra izango da gaur iluntzean

Julene Frantzesena 2022ko urr. 26a, 09:04
Eguzki plaken irudi bat.

528 bazkide ditu kooperatibak, eta udalak azaldu duenez, horiek denak daude bilkuran parte hartzera deituta. Izan ere, horiek kooperatiba eratu eta kontseilu errektorea aukeratuko dute gaurkoan.

Ekindar energia kooperatibako bazkideek lehen batzarra egingo dute gaur, asteazkena, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. 528 bazkide ditu kooperatibak, eta udalak azaldu duenez, horiek denak daude bilkuran parte hartzera deituta. Izan ere, horiek kooperatiba eratu eta kontseilu errektorea aukeratuko dute gaurkoan.

Eguzki plaken proiektua aurrera doala ere jakinarazi du erakundeak, eta hain zuzen, egitasmoaren informazioa ere eskainiko dute bileran. Gainera, bazkideek galdera-erantzunetarako tartea ere izango dute. Ekindar kooperatiba eratuta, energia trantsiziorako tresna prest izango dela aurreratu dute hare sustatzaileek, eta kooperatibak hiru egiteko nagusi izango dituela gaurtik aurrera: eguzki plaken proiektuaren exekuzioa; energia kontsumoaren inguruko sentsibilizazio lana; eta energia trantsiziorako proiektu berrien lanketa.

Ekindarren eguzki plakak Urrestillan jartzeko Plan Berezia joan zen irailaren 22ko udalbatzarrean onartu zuen udalak. Zehazki, EH Bilduren Udal Gobernuaren aldeko bozekin onartu zuten plana, eta EAJko ordezkariek aurka bozkatu zuten. Proiektua kokatuko den lursailaren kalifikazio aldaketaren "legezkotasunarekin zalantza puntu bat egon daitekeela" argudiatu zuen EAJk kontrako botoa ematerakoan.