Ekindar proiektua bai, baina lur egokian

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2022ko ira. 23a, 19:35
Eguzki plakak.

Ezezkoa botatzearen argudioak honako hauek dira, EAJk dioenez: Plan Bereziak Azpeitiko HAPOaren (plan orokorra) baldintza guztiak ez ditu betetzen, eta, Foru Aldundiko Nekazal eta Landa Eremu departamenduaren balorazio txosten negatiboa du.

Herenegungo udalbatzarrean EAJko zinegotziek Ekindarren plan bereziaren behin betiko onarpenari ezezkoa botatzearen argudioak honako hauek dira: alde batetik, Plan Berezi honek Azpeitiko HAPOaren (plan orokorra) baldintza guztiak ez dituela betetzen. Izan ere, Azpeitiko HAPOa begiratzen badugu, garbi azaltzen da lur hori ez eraikigarria dela, eta memoriaren 71-73 arteko orrietan garbi jartzen du D30ak (Urrestillako lurrak duen kalifikazioa), hau da, interes handiko lurrek, aldaketa izan dezaketela, beti ere erabilera publikokoa eta interes sozialekoa baldin bada eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazal eta Landa eremuko departamenduaren baieztapenarekin.

Foru Aldundiko Nekazal eta Landa Eremu departamenduaren balorazio txostena ezezkoa izan da. Horrez gain, onartu berri dugun Azpeitiko plan estrategikoarekin talka egiten du. Bertan, gure herrian landa eremu emankorren falta sumatzen baldin bada, eta erronka lur emankorrak baliozko hirigintza garapenetatik babestea baldin bada, zertan gabiltza?

Era berean, larritzat jotzen dugu interes publiko bezala izendatzen duen beharrezko txostena lortu baino askoz lehenago Ekindar kooperatiba eta haren bazkidetza bultzatzea, lur eremu horren egokitasuna eta legeztatzea bermatu gabe zegoenean.

Azpeitiko EAJ ez dago proiektuaren aurka. Beste kokapen bat aukeratu behar dela uste dugu, proiektuak bere osotasunean aurrera jarraitu dezan.

Interesa duen edonork, Azpeitiko Udalaren webgunean aurkituko du dokumentazioa guztia.