Jokin Urretabizkaiaren ordez, Joseba Otaegi lehiatuko da V. Euskal Pentatloi Sariaren finalean

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 6a, 12:48
Joseba Otaegi, larunbateko sailkapen saioan. (Mailo Oiarzabal)

Jokin Urretabizkaia Basozabalek uko egin dio irailaren 24an Azpeitian jokatuko den finalean lehiatzeari, ez dagoelako "baldintza egokietan" proba hori egiteko. Haren ordez, sailkapen kanporaketan zazpigarren gelditu zen Joseba Otaegi lehiatuko da. 

Joan zen asteburuan erabaki zen zein kirolarik parte hartuko duten irailaren 24an Azpeitiko zezen plazan jokatuko den Gizonezkoen V. Euskal Pentatloi Sariaren finalean. Dena den, gaur jakin da partaideen zerrendan aldaketak izango direla. Hain zuzen ere, Jokin Urretabizkaiak uko egin dio finalean lehiatzeari, antolatzaileen arabera, ez dagoelako "baldintza egokietan" proba hori egiteko. Haren ordez, sailkapen kanporaketan zazpigarren gelditu zen Joseba Otaegi lehiatuko da egun horretan.

Larunbatean jokatu zuten finalaurreko kanporaketa, eta guztira, hamabi kirolari lehiatu ziren saio hartan, hirunako lau txandatan banatuta.  Sei denbora onenak egin zituztenek lortu zuten finalera sailkatzea: Xabier Zalduak (12 minutu eta 12 segundo), Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak (12:22), Julen Gabirondok (13:21), Aitzol Atutxak (13:22), Ioritz Gisasola Zelai IV.ak (13:27) eta Jokin Urretabizkaia Basozabalek (13:32). Azken horrek finalean lehiatzeari uko egin dionez, larunbateko saioan zazpigarren denbora onena egin zuenak beteko du haren hutsunea; Joseba Otaegi (13:54) Getariako bizilaguna izan zen lanak hamalau minuturen langaren azpitik bukatu dituztenen artean finaletik kanpo gelditu zen bakarra.

Gizonezkoen finalaren egun berean jokatuko dute Emakumezkoen II. Euskal Pentatloi Saria ere, eta honako kirolari hauek ariko dira lehia horretan: Lucia Orbe, Karmele Gisasola eta Nerea Arruti.