Zaldua, Izeta VI.a, Gabirondo, Atutxa, Zelai IV.a eta Basozabal, V. Euskal Pentatloiaren finalera

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 3a, 20:17
Zaldua, Izeta VI.a, Gabirondo, Atutxa eta Basozabal, V. Euskal Pentatloiaren sei finalistetako bost. Zelai IV.a izango da seigarrena. (Mailo Oiarzabal)

Orain arteko txapeldunek, Zalduak eta Izetak, egin dituzte marka onenak gaur arratsaldean zezen plazan jokatu den finalaurreko kanporaketan. Lehen kanporaketatik zetozten lau kirolariek lortu dute irailaren 24an jokatuko den finalerako txartela, eta iazko finalean aritu zirenetatik Izeta eta Gabirondok bakarrik errepikatuko dute aurtengoan.

Erabakita dago irailaren 24an Azpeitiko zezen plazan jokatuko den V Euskal Pentatloi Sariaren finala. Gaur jokatu dute, toki berean, finalaurreko kanporaketa. 100 kiloko harriari hamar jasoaldi, giza proban 400 kiloko harriarekin plaza bana, aizkoran kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebaki, 50 kiloko txingekin hiru plaza eta korrika kilometro bat egin behar izan dituzte kirolariek gaurko saioan, hurrenkera horretan; finalean izango dituzten lanak baino laburragoak, beraz.

Hamabi kirolari lehiatu dira, hirunako lau txandatan banatuta, eta sei denbora onenak egin dituztenek lortu dute finalera sailkatzea. Seikote honek, hain zuzen ere: Xabier Zaldua (12 minutu eta 12 segundo), Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a (12:22), Julen Gabirondo (13:21), Aitzol Atutxa (13:22), Ioritz Gisasola Zelai IV.a (13:27) eta Jokin Urretabizkaia Basozabal (13:32).

Joseba Otaegi (13:54) izan da lanak 14 minuturen langaren azpitik bukatu dituztenen artean finaletik kanpo gelditu den bakarra. Zazpigarren sailkatu da, horrenbestez, Otaegi; Iñaki Errazkin (14:10) izan da zortzigarrena, Aritz Irazabal (14:32) bederatzigarrena, Beñat Amade (15:38) hamargarrena, Julen Kañamares (15:40) 11.a eta Jon Gisasola Zelai V.a (16:15) hamabigarrena.

Txapeldunen arteko lehia

Xabier Zaldua, euskal pentatloiaren aro berriko lehen hiru edizioen txapelduna, eta Izeta VI.a, iaz jokatu zen laugarren edizioaren irabazlea, aldearekin gailendu dira gaurko saioan; 13 minututik behera ibili diren bakarrak izan dira, eta 10 segundoko aldea atera dio Zumarragakoak Aiakoari. Laugarren eta azken txandan lehiatu dira biak, Irazabalekin batera, ordura arteko lehiakide guztiek egindako marken jakitun, beraz, eta finalerako faborito txartelaren jabe egin dira orain arteko bi txapeldunak. Pare-parean ibili dira korrikako probaren hasiera arte. Hor, Zaldua segundo apur batzuk aurretik zela, abiatu behar zuen lekutik ez da abiatu Izeta eta, beraz, atzera egin behar izan du, zegokion lekutik irteteko.

Lehen txandan aritu dira Gabirondo eta Basozabal, Amaderekin batera; eta hirugarrenean Atutxa eta Zelai IV.a, Zelai V.arekin batera.

Maiatzaren 28ko lehen kanporaketatik zetozen gaurko hamabi lehiakideetatik lau, eta beste zortziek iazko edizioan lortutako emaitzei esker izan dute aurtengoaren finalaurrekoa jokatzeko aukera. Eta lehen kanporaketatik zetozen laurak –Zaldua, Atutxa, Zelai IV.a eta Basozabal– igaro dira finalera. Aitzitik, iazko finalistetatik bik besterik ez dute errepikatuko aurtengoan, Izeta VI.ak eta Gabirondok.

Bukaeran, sei finalistetatik bost atera dira zezen plazara elkarrekin argazkia ateratzeko; Zelai IV. falta zen, egindako ahaleginari buelta eman ezinda.