Abuztuaren 1arekin egin dute prozesioa

Mailo Oiarzabal 2022ko abu. 1a, 12:39

Ezohiko egunean ospatu dute aurten parrokiako elizkizuna. San Inazioren eta Sortzez Garbiaren irudiak kalez kale ibili dituzte Alde Zaharrean mezaren aurretik. Emakumeek ere parte hartu dute prozesioko iruditeria eramaten.

San Inazio egunaren goizeko ohiko irudiak eta doinuak San Inazio bigarrenez ikusi eta entzun dira aurten Alde Zaharrean. Santuaren konbertsioaren 500. urteurrena dela eta, uztailaren 31eko ospakizunak Loiolan egin zituzten atzo. Gaur, alderantziz, Loiolan ez da egin abuztuaren 1ean ohikoa den elizkizunik, eta parrokiak hartu du lekukoa, San Inazio eguneko prozesioa eta meza egun bateko atzerapenarekin ospatzeko.

Udal ordezkariak korporazioan joan dira parrokiara, musika bandak eta txistulariek lagunduta, eta udalaren ordezkaritza batek zein musikariek parte hartu dute ondoren elizatik abiatu den prozesioan. San Inazioren eta Sortzez Garbiaren irudiak kalez kale ibili dituzte Alde Zaharrean mezaren aurretik, eta aurten emakumeek ere parte hartu dute prozesioko iruditeria eramaten. Prozesioa hasi den leku berean bukatu da, eta orduan hasi da eguneko meza nagusia; Julian Barrenetxea abesbatzak, Parrokiako koruak eta Azketa ahots taldeak elkarrekin abestu dute elizkizunean, Ignacio Arakistainek organoan lagunduta.