Loiolako basilikan elkartu dira erakundeetako ordezkari nagusiak

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 31a, 13:40

San Inazioren konbertsioaren 500. urtemuga tarteko, San Inazio egunez egin diete herriko agintariek ohiko ongietorria Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak egin die harrera Iñigo Urkullu lehendakariari, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta beste hainbat ordezkariri. Loiolako basilika leporaino bete da goizeko meza nagusian.

Herriko agintariek San Inazio egunez egin diete ongietorria euskal erakundeetako ordezkariei. San Inazioren konbertsioaren 500. urtemuga da aurten, eta urteurren hori baliatu dute politikariek basilikara bisita patroiaren egunean egiteko. Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak elkartu dira han. 11:30ak zirenean, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak egin die harrera Iñigo Urkullu lehendakariari, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta aldundiko beste zenbait diputatu gehiagori.

Segidan, aurreskua dantzatu dute bi dantzarik erakundeetako ordezkari guztien aurrean, eta guztiak basilikara sartu aurretik, lehendakariak banan-banan agurtu ditu udaleko zinegotziak eta aldundiko diputatuak. Erakundeetako ordezkariak basilika barruan zirela, Francisco Perez Iruñeko artzapepizkua buru zutela sartu dira apaizak eta gotzainak elizkizunera. Horien artean, besteak beste, Kepa Susperregi Azpeitiko erretorea, Santos Montoya Calahorrako (Espainia) gotzaina eta Arturo Sosa jesuiten burua sartu dira; azken horrek eman du, gainera, gaurko homilia edo sermoia. Loiolako basilika goraino bete da meza nagusian, eta askok atarian jarraitu behar izan dute meza. Julian Barrenetxea abesbatzak, Azketa ahots taldeak eta Parrokiako koruko kideek abestu dute elizkizunean, eta Itziar Urbieta izan da organista.

Bihar, San Inazio bigarrenez, egingo dituzte azken urteetan San Inazio egunez egin izan dituzten prozesioa eta meza. Biharko elizkizuna Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian egingo dute, eta 11:00etan hasiko da. Julian Barrenetxea abesbatzak, Azketa ahots taldeak eta Parrokiako koruak parte hartuko dute, eta Ignacio Arakistain izango da organista.