Jumbo-Vismaren sententzia bikaina Tourrari!

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2022ko uzt. 21a, 18:40
Vingegaard, Hautacameko helmuga gurutzatu aurretik garaipena ospatzen.

Vingegaardek irabazi du Hautacamen, eta erabakita utzi Tourra. 1:07 sartu dizkio Pogacarri, eta esloveniarra 3:25era dago orain, galduta du Tourra; nabarmentzeko modukoa Van Aertek, Tourreko txirrindulari onenak, egin duen etapa puska.

Beste etapa bat Pirinioetan, eta beste etapa ikusgarri bat. Zoragarria, zaletasuna handitzen duten horietakoa. Giroak triste samar utzi zuen bizikleta zaleen parrokia, baina Tourrak betekada latza eman du. Erasoko txirrindularitza, ikuskizun latza ematen duten ziklista apartak, tentsioa eta ziurtasun eza etapa bukatu arte... Ezin gehiago eskatu. Jumbo-Vismak sekulako errematea eman dio Tour bikainari. 2:18ko diferentzia zuten 40 kilometroko erlojupekoaren atarian, baina bazekiten errenta horrek ez ziela erabateko lasaitasunik ematen. Horregatik, etapa diferentzia hori handitzeko helburuarekin prestatu dute arbelean. Baita lortu ere. Talde osoa inplikatuz, gainera: Benoot, Laporte, Van Hooydonck eta Van Aert ihesaldian sartu dituzte. Jendea beti aurretik, badaezpada, zernahi behar izanez gero.

Van Aerten jarduna nabarmendu behar da, bai edo bai. Txirrindulari totala da, ahulunerik ez duena. Erlojupekoetan su-ziria, ordekan Lamborghini bat, baina mendian gora ere artista, 78 kiloko pisua izanda ere. Spandelles mendatean gora txikitu egin du ihesaldian zihoan multzoa. Hainbesterako, Pinotek eta Daniel Felipe Martinezek bakarrik eutsi diotela bere pedal kolpeari. Hautacamen Pinot atzeratu du, eta Martinez atzeratzen saiatu da. Ez zuela lortzen ikusita, Vingegaard liderraren zain geratu da, eta Pogacar hausteko erabakigarria izan bide den erritmo itoa jarri du kilometro batean. Van Aertek berak atzeratu du Pogacar, egun guztian egurrean ibili ostean, eta horrek meritu latza dauka. Vingegaardek, bakarrik, txistu batean egin ditu Hautacameko azken hiru kilometroak, eta minutua sartu ezinean zihoan Pogacarri. Orain 3:25eko tartea kentzen dio liderrak esloveniarrari, eta 40 kilometroko erlojupekoan tarte horri buelta ematea ezinezkoa da.

Etapa ederra izan da berriro. Ziztu bizia ihesaldia egin arte, eta Aubisquen eraso festa. Aurrean, atzean, erdian, leku guztietan. 29 lagunek osatu dute ihesaldia, baina tropelean ez da atsedenik egon. McNultyk oilarren tropela murriztu du Spandellesen gora, eta Pogacarrek dozena erdi eraso egin ditu liderra atzeratzeko. Denetan, batean izan ezik, aise eutsi dio Vingegaardek. Eraso batean itxura kostatu egin zaiola danimarkarrari, baina pasatu du une txar hori. Hazi egin da Pogacar, eta beherantz liderra urduritzen saiatu da, arriskatuz. Vingegaardek sustoa izan du, erori da ia, baina Pogacar bera izan da harri txintxar gainean irrist egin eta jausi dena. Ezer larririk ez, baina nahikoa, gehiegi gehiago ezin zela arriskatu erabakitzeko. Vingegaardek, lege onez, itxaron egin dio Pogacari, esloveniarra jausi ostean.

Hautacamen Jumbok 31 eskutik zeukan. Van Aert indartsuena ihesaldian, eta atzean Vingegaard Sepp Kuss Durango Kid alboan zuela, Pogacar estutzeko. Coloradokoak Pogacaren erresistentzia erre du, eta Van Aert harrapatu dutenean, akabo. Zirt, zart, zirt, zart pedalei, eta agur Pogi. Ito egin da, eta Tourra ihes egiten ikusi du, begi aurrean, erremediorik eman ezinik. Helmugan sekulako aldeak egon dira, eta txirrindulari gehienak banan-banan helmugaratu dira. Geraint Thomas, nagusiko hirugarrena, zortzi minutura dago; Quintana, bosgarren sailkatua, 13 minutu pasatxora; eta Adam Yates, hamargarren sailkatua, 20 minutura! Oso Tour gogorra izan da, eta Parisera iritsiko direnak heroi gisa hartu beharko genituzke. Zorionak denei, emandako ikuskizunagatik.

Bihar 18. etapa korrituko da, 188 kilometro Castelnau-Magnoac eta Cahors artean. Etapa laua, laugarren mailako bi muino baino ez etapa hondarrean, eta ihesaldia arrakasta izateko aukerarekin. Bederatzi taldek bakarrik lortu dute etapa garaipena, eta esprinterren taldeek ez dute kontrol lana egiteko indarrik soberan.