Etxebizitzen irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko dirulaguntza lerro berria aurkeztu du udalak

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 8a, 11:24
Josu Labaka eta Aitor Bereziartua zinegotziek eman dituzte dirulaguntza lerro berriaren xehetasunak, gaur udaletxean egindako agerraldian. (Mailo Oiarzabal)

Dirulaguntza berrien lehen deialdirako 300.000 euroko diru poltsa jarri du erakundeak. Urriaren 31era arte aurkez daitezke eskaerak Etxebizitza Bulegoan, baina 2022ko hasieratik aipatutako data bitartean hasitako lanak eta proiektuak aurkez daitezke deialdira. Etxebizitzetan irisgarritasuna hobetzeko lanak eta elementuak zein energia efizientzia hobetzeko lanak eta inbertsioak lagunduko ditu udalak, baita energia berriztagarriak ezartzeko lanak ere, diru sarrera mugarekin.

Herriko etxebizitza parkea birgaitzeko dirulaguntza lerro berria jarri du martxan Azpeitiko Udalak. Gaur eman dituzte horren gaineko xehetasunak Josu Labaka eta Aitor Bereziartua zinegotziek. Labakak gogoratu du udalaren Etxebizitza Planean ezarritako "lau ardatzetako bat" dela Azpeitiko etxebizitza parkearen eta eraikinen birgaitzea sustatzea, eraikinen bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia efizientzia hobetuz. Hain zuzen ere, gaur aurkeztu dituzten dirulaguntzen xedea da helburu horiek betetzen laguntzea. Labakak zehaztu du udalak gaur igorriko dituela dirulaguntza berrien deialdiaren oinarriak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara ditzaten; "datozen egunetan hasi ahalko da eskaerak aurkezten", gaineratu du.

Herriko etxebizitzen eta bizitegi eraikinen irisgarritasuna zein energia eraginkortasuna hobetzeko lanak, eta energia berriztagarriak ezartzeko lanak ere lagunduko ditu udalak dirulaguntza lerro berriarekin. Aipatutako hiru arloetarako –irisgarritasuna, energia eraginkortasuna eta energia berriztagarriak– deialdi bana aterako du udalak, bakoitzarekin zer helburu lortu nahi diren eta zer lagunduko den zehaztuz. Helburu orokorren artean, berriz, "herritarren bizi kalitatea hobetzea" da nagusia, Labakaren hitzetan, "ulertzen dugulako etxebizitza parkea birgaitzea herritarren eguneroko bizimoduarekin erabat lotuta dagoela". Irisgarritasuna hobetzearen ondorio agerikoak aipatu ditu zinegotziak, eta etxebizitzetan energia gutxiago kontsumitzearen onurak ere bai. "Dena bat da, azkenean. Klima larrialdia hor dago, gure kontsumo maila jaisteko beharra daukagu, eta etxebizitza parkea birgaitzeak ingurumenaren ikuspegitik inpaktua izan dezakeela uste dugu".

Jabego erkidego edo komunitateek zein norbanakoek eska ahal izango dituzte laguntzak; izan ere, lagunduko diren birgaitze lanak izan daitezke etxepe osoei eragingo dietenak, etxebizitza eraikinetako etxe indibidualei dagozkienak, zein baserriei, txaletei edo bestelako bizitegi indibidualei eragingo dietenak. Irisgarritasunari dagokionez, etxepeetan igogailu berriak jartzeko zein daudenetan horiekin lotutako irisgarritasuna hobetzeko lanetarako eska daitezke laguntzak, eta etxe barruetako irisgarritasuna hobetzeko edo bainugelak egokitzeko hainbat lan egiteko edo elementuak ezartzeko ere bai. Energia efizientzia hobetzeko dirulaguntzei dagokienez, etxebizitzetan energia eskaria murriztea eta instalazioen eraginkortasuna areagotzea da deialdiaren helburua; horrela, etxebizitzen zein etxebizitza eraikinen inguratzaile termikoa hobetzeko lanak lagunduko dituzte diruz (itxiturak, leihoak, galdarak...). Azkenik, autokontsumorako energia iturri berriztagarrien instalazioari lotutako lanak egiteko ere eska daitezke udalaren laguntzak.

Epeak, kopuruak eta baldintzak

300.000 euroko diru poltsa jarri du erakundeak dirulaguntza lerro berriaren lehen deialdia, 2022koa, hornitzeko. Urriaren 31era arte aurkez daitezke eskaerak, baina 2022ko hasieratik aipatutako data bitartean hasitako lanak eta proiektuak aurkez daitezke deialdira. Azarotik aurrera egiten hasten diren lanentzako laguntza eskaerak, beraz, datorren urteko deialdia irekitakoan eska beharko lirateke.

Hiru laguntza motetara –irisgarritasuna, energia eraginkortasuna eta energia berriztagarriak– eskaerak aurkezteko "baldintza eta kopuru berberak" ezarri ditu udalak, Bereziartuak azaldu duenez. Norbanakoen kasuan, onuradunen bizikidetza unitatearen urteko diru sarrera ponderatua ezingo da izan 39.000 eurotik gorakoa; diruz laguntzeko moduko gastuaren %30 ordainduko dute gehienez dirulaguntza hauen bidez, 3.000 euroko mugarekin. Jabego erkidegoen kasuan, aurrekontuaren %40koa izango da, gehienez, dirulaguntza, 8.000 euroko mugarekin. Etxepeetako lanen kasuan, norbanakoek aparte eska dezakete titular bakoitzaren partaidetza kuotari dagokion %30a, 3.000 euroko mugarekin.

Duela astebete aurkeztu zuten alokairurako bitartekaritza zerbitzurako bezala, dirulaguntza eskaeran gaineko informazio guztia eskatzeko zein laguntza beraiek tramitatzeko, Enparan kalean ireki berri duten Etxebizitza Bulegora jo beharko dute herritarrek. "Etxebizitza gaiaren leihatila bakarra izango da, nolabait, bulegoa", nabarmendu du gaurko agerraldian Bereziartuak, udalak "etxebizitzarekin zerikusia duten kontu guztiak handik" kudeatuko dituelako.