Abian da etxebizitzen alokairurako bitartekaritza programa berria

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 30a, 18:04
Josu Labaka, Nagore Alkorta eta Ainara LarraƱaga gaur, Enparan kaleko Etxebizitza Bulegoaren atarian. (Mailo Oiarzabal)

Bi erronka uztartu nahi ditu udalak: bereziki gazteen etxebizitza beharrei erantzutea eta etxe hutsak mobilizatzea. Alokairurako dirulaguntzen deialdia ere martxan du erakundeak; urriaren 15era arte aurkez daitezke eskaerak.

"Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta alokairura bideratzea". Hori da Azpeitiko Udalak joan den otsailean aurkeztu zuen Etxebizitza Planean jasotako ardatzetako bat. Plana aurkeztean aurreratu zuen erakundeak alokairua sustatzeko eta errazteko neurri berriak garatuko zituela, eta horietako bat aurkeztu du orain: etxebizitzen alokairurako bitartekaritza programa.

Egitasmo horrekin, bi erronka uztartzea eta horiei erantzun bateratua ematea nahi du udalak, Nagore Alkorta alkateak eta Ainara Larrañaga eta Josu Labaka zinegotziek gaur prentsaren aurrean azaldu dutenez: herrian hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea batetik, etxebizitza horiei funtsean duten "funtzio soziala" itzulita; eta, bestetik, herritarren etxebizitza beharrak "asetzea", nagusiki edo bereziki gazteenak. Izan ere, udalak 2013az geroztik ematen dituen alokairurako dirulaguntzak bezala, alokairurako bitartekaritza programa ere kolektibo jakin batzuen beharrei erantzuteko pentsatuta sortu dute, baina "gazteek gurasoen etxetik alde egin, emantzipatu eta alokairu duin batean bizitzeko aukera izan dezaten bermatu" nahi du, batik bat, udalak, Larrañaga Gazteria batzordeburuaren hitzetan, eta hori "herrian bertan" egin ahal izatea.

"Alde batetik, etxe hutsen jabeei deituko diegu, aukera emango zaie etxebizitza huts horiek merkaturatzeko; etxeen eskaintza bat, erregistro bat, sortzea da asmoa. Bestetik, etxebizitza premian daudenei alokairuan etxebizitza bat eskuratzeko aukera emango zaie. Eta guzti hori, jauzi bat emanez, Azpeitian bertan egingo da, Etxebizitza Bulegoaren bidez", laburbildu du programaren xedea Alkortak. Horrelako egitasmoak eta aukerak herrian bertan eskura izatearen garrantzia nabarmendu zuen alkateak. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programaren "osagarria" da Azpeitian abian jarri dutena, baina "herri mailako programa" izateak herritarrei "erraztasunak" emango dizkietela uste dut udal arduradunek.

Prozedura

Maiatzean ireki zuten Etxebizitza Bulegoa Enparan kalean, eta han kudeatuko dute alokairurako bitartekaritza programa. Bi erregistro sortuko dituzte han: etxebizitza hutsak merkaturatzeko interesa agertzen duten etxejabeena eta etxebizitza alokatu nahi duten herritarrena. Lehen erregistroa osatzeko, etxe hutsak dituzten jabeekin harremanetan jarriko da udala, baina beren kabuz ere joan daitezke horiek Etxebizitza Bulegora, edota udalaren Azpeitia.eus webgunean izena eman. Gauza bera egin beharko dute alokatzeko etxe bila dabiltzan eta bitartekaritza programan parte hartu nahi dutenek.

Bi zerrenda horietatik abiatuta, etxebizitza bat erregistroan eskuragarri dagoenean, eskatzaileen erregistroan izena eman duten interesdunei jakinaraziko zaie. "Programan aurreikusitako prozedura jarraituz", eskatzailea eta etxejabea kontaktuan jarriko dituzte; alokairu kontratu eredu bat ere jarriko diete eskuragarri, nahi izanez gero hori formaldu dezaten. Azkenik, alokairua sustatzeko indarrean dauden dirulaguntzen berri emango zaie interesdunei, eta baldintzak betetzen direnetan, dirulaguntza eskaerak ere bideratuko dizkiete Etxebizitza Bulegoaren bidez.

Dirulaguntza deialdia

Bitartekaritza programa berria aurkeztearekin batera, alokairurako dirulaguntzen aurtengo deialdiaren xehetasunak ere eman dituzte gaur udal arduradunek, bi eginbideen arteko lotura estua azpimarratuta. Urriaren 15era arte eska daitezke alokairurako aurtengo udal dirulaguntzak, udalaren webgunean, udaletxeko Erregistro Orokorrean edo Etxebizitza Bulegoan.

18 eta 35 urte arteko gazteek, banandutako edo dibortziatutako herritarrek, alargunek, 70 urtetik gorakoek eta mugikortasun urria duten pertsonek eska ditzakete laguntza horiek aurten ere. Aipatutako baldintzetakoren bat betetzeaz gain, azken hiru urteetan jarraian edo edozein momentutan bost urtez jarraian Azpeitian bizi direla edo bizi izan direla egiaztatu beharko dute eskatzaileek, baita beren diru sarrerak zenbatekoak diren: eskatzailea pertsona bakarra bada, urtean gehienez 28.000 euroko diru sarrerak izan beharko ditu; eta bizikidetza unitateen kasuan, 35.000 eurokoa da gehienezko kopurua.

Era berean, diru sarreren arabera emango zaizkie dirulaguntzak onartutako eskaerei; horien arabera lau multzo daude zehaztuta, eta alokairuaren %60kotik %35era artekoak izan daitezke laguntzak. Alokairurako dirulaguntzen onuradunek gehienez 350 euroko laguntza jasoko dute hileko –400 eurokoa gehienez, alokatutako etxebizitza Alde Zaharrean badago–. Alokairu kontratua, berriz, ezin izango da 650 eurotik gorakoa izan.

Dirulaguntzen "eraginkortasun maila handia" nabarmendu zuen Labakak, etxebizitza eskubidea bermatzeko laguntza "garrantzitsua". Hala ere, alokairu eskaintzan sumatu duten "topea" gainditzeko zerbait gehiago behar zela ikusita abiatu dute programa berria. "Nahiz eta dirulaguntza hauek eduki, detektatu dugu alokatzeko etxeak aurkitzeko zailtasunak daudela. Bizigune programaren bidez etxe asko dago alokairuan Azpeitian, baina badago behar bat etxebizitza gehiago alokairura ateratzeko".