Etxebizitza bulegoa zabaldu dute, herritarrei informazioa eta aholkularitza eskaintzeko

Julene Frantzesena 2022ko mai. 9a, 09:00
Josu Labaka zinegotzia, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Pablo Garcia Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko zuzendaria eta Alfonso Sanz Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren Gipuzkoako ordezkaria. (Julene Frantzesena)

Enparan kaleko 34. zenbakian zabaldu dute bulegoa Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Azpeitia Berritzenek kudeatuko du zerbitzua, astelehenetik ostiralera. Alkatearen arabera, herritarren etxebizitza beharrei erantzutea da udalaren helburua, eta gogorarazi du erakundeak Etxebizitza Plana egina duela.

Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean, etxebizitza bulegoa zabaldu dute Enparan kaleko 34. zenbakian. Ostiralean ireki zuen lokala, eta han izan ziren Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Josu Labaka Hirigintza batzordeburua, Pablo Garcia Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko zuzendaria eta Alfonso Sanz Etxebizitza Saileko Gipuzkoako ordezkaria.

Bulegoa Azpeitia Berritzenek kudeatuko du, eta herritarrek etxebizitzari buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute bertan. Zehazki, astelehenetik ostiralera egongo da zabalik; astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan eta ostiraletan 08:00etatik 14:30era, eta ostegunetan 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Azpeitiko Udalaren helburua herritarren etxebizitza beharrei erantzuna ematea da Alkortaren arabera, eta horretarako, garrantzitsua iruditzen zaio herritarrei informazio gardena eskaintzea. Bulegoa izango da horretarako bitartekoa: "Edozein azpeitiarrek etxebizitzaren inguruan izan ditzakeen galderak erantzuten saiatuko gara. Indarrean dauden zerbitzuen, laguntzen edota baliabideen inguruko informazio eguneratua eskuratu ahal izango dute herritarrek han".

Bulegoaren irekiera pauso garrantzitsutzat jo zuen Azpeitiko alkateak. "Gaurtik etxebizitza bulegoa izango dute herritarrek eskura, etxebizitzaren arloko informazioa eta aholkularitza jasotzeko. Salto kualitatiboa eman da etxebizitza politikak garatzeko eta herritarrei zerbitzuak eskaintzeko". Hain zuzen ere, herritarrei etxebizitzaren arloko informazio "eguneratua eta pertsonalizatua" eskainiko zaiela azaldu du hark.

Alkortak azaldu duenez, Azpeitiko Udalak urteak daramatza etxebizitza politiketan neurriak hartzen, eta zehaztu du herritarren etxebizitza beharrei erantzutea dela Azpeitiak duen erronka nagusietako bat, Azpeitia 2030 plan estrategikoan jasota dutenez. Gainera, etxebizitza politikaren bideorri den Etxebizitza Plana ere eginda du erakundeak, eta alkateak azaldu duenez, han lau ildo nagusi zehaztuta daude: arreta pertsonalizatua, informazio osoa eta aholkularitza zerbitzua eskaintzea; hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta alokairura bideratzea; babes ofizialeko etxebizitza berriak sustatzea; eta etxebizitza parkearen eta eraikinen birgaitzea sustatzea".

"Hitza beteta"

Etxebizitza Planean jasota zuen udalak etxebizitza bulegoa zabaltzea, eta horrenbestez, urrats hori eginda, "emandako hitza bete" dutela azaldu du alkateak. Gainera, bulegoa plan horren garapenerako tresna izango dela uste du. "Planean jasotzen diren lan ildoetan urratsak emango ditugu datozen hilabeteetan, hala nola hutsik dauden etxebizitza mobilizatzeko eta alokairura bideratzeko ahalegina biderkatu egingo dugu, babes publikoko etxebizitza berriak sustatuko ditugu eta egungo etxebizitza parkearen birgaitzea lagunduko dugu".

Halaber, Azpeitiko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin duen Bizigune programaren kudeaketarako hitzarmena berrituko dutela ere aurreratu du Alkortak, eta Azpeitia Berritzen sozietate publikoa birgaitze sozietate izan dadin pausoak emango dituztela esan du, etxebizitza parkea birgaitu ahal izateko eta laguntzak kudeatu ahal izateko.

"Elkarlana ardatz"

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko zuzendariak "baikortasunez eta ilusioz" hartu du bulegoaren irekiera. Hark azaldu duenez, egunerokoan hamaika lan egiten dira etxebizitzaren inguruan, baina emaitzak epe luzera ikusten dira eta jarraikortasunez lan egitea eskatzen du. "Horregatik, eskertzekoa da etxebizitzaren arloan zerbait batzera datorren proiektu batean elkarlanean aritzea".

Jaurlaritzaren eta udalaren etxebizitza politikak "lerrokatuta" daudela esan du hark. "Etxe hutsak merkaturatzea, alokairua sustatzea, Bizigune programa eta etxebizitzen birgaitzea dira gure lan lerro nagusiak ere. Birgaitzeari dagokionez, gainera, orain egiten den ahalegina biderkatu egin nahi dugu; izan ere, gaur egun etxebizitza parkean diren etxeen %1,5 birgaitzen dira, eta zenbateko hori %3ra irits dadin nahi dugu. Horretarako, baina, arlo eta maila guztietatik segitu behar dugu lanean, eta ezinbestekoa da elkarlana".

Garciak, gainera, Etxebide etxebizitzaren euskal zerbitzuaren gaineko hainbat datu eman ditu. Haren arabera, Azpeitian, gaur egun, 623 herritar daude Etxebiden izena emanda, eta horietatik 482 daude herrian erroldatuta. Gainera, horietatik 275 lagunek lokairurako eskaera egina dute.